Juan Crisostomo Arriaga konpositoreari omenaldia, barikuan eta zapatuan

Bizkaie! 2017-01-26 10:59   Musikea

Arriaga antzokiak emonaldi bereziak antolatu ditu urtarrilaren 27 eta 28rako, izena emoten deutsan musikari bilbotarrari gorazarre egiteko asmoz.

Argazkia: Arriaga antzokia | Ikusi handiago | Argazki originala

Calixto Bieitok Arriaga antzokiko arduradun legez zuzenduko dauen lehenengo emonaldia da Los esclavos felices. Izenburu beragaz Juan Crisostomo Arriagak (1806-1826) konposatu eban obra amaitu bakoan oinarritzen da Bieitoren proposamena. Saio bikotxa izango da, lehenengo barikuan eta gero zapatuan, eta egun bakotxeko egitarauak alkarren osogarri izango dira.

Arriagaren musikea gaur egungo munduaz gogoetea egitera bultzatzen dauen ikuskizunaren oinarria da, Calixto Bieitok azaldu dauenez. Izenburutik bertatik hasita, ironiaz begiratzen deutso gizarteari. Orain dala mende bi idatzitako obra baten interpretazino garaikidea da.

Jon Malaxetxebarria izango da emonaldiaren zuzendari musikala. Dana dala, musikeaz gan, beste disziplina astistiko batzuk be batuko dira Los esclavos felices lanean. Sarah Derendinger musikari eta zinemagile suitzarra Bilbon dabil egunotan, irudiak grabetan, gero ikuskizunean proiektau ahal izateko. Euskal artisten lana be agertuko da proiekzinoetan.

Bi jardunalditan eskainiko dan poema sinfonikoa da Los esclavos felices, Arriaga antzokiko arduradunen arabera. Lehenengo egunean, barikuan, Juan Crisostomo Arriagak idatzitako hari-laukoteetan oinarritutako saioa egingo da, happening estiloan, hau da, audientzia txiki batentzat. Leku bakarrean egon beharrean, entzuleak antzokitik mobiduko dira eta txoko bakotxean performance bat ikusiko dabe. Musikea hiru talderen esku egongo da: La Ritirata, Ensemble 442 eta Bilbao Sinfonietta Cuarteto.

Bigarren egunean, zapatuan, aretoko kontzertua egongo da Arriagan, Los esclavos felices biribiltzeko. Arriagaren lan sinfonikoa eta ahozkoa eskainiko da. Marta Ubieta eta Naroa Intxausti sopranoek parte hartuko dabe. Musikea, Bilboko Koralaren eta Bilboko Orkestra Sinfonikoaren esku egongo da.

Barikuko saioa bi bidar emongo dabe, 18:00etan eta 20:00etan. Zapatukoan, ostera, emonaldi bakarra izango da, 20:00etan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu