Global Game Jam ekimenaren egoitzetako bat izango da Bilbo, hilaren 20tik 22ra

Bizkaie! 2017-01-18 10:16   Kulturea

Diseinatzaileak, programatzaileak, artistak... batuko dira Azkuna Zentroan, 48 orduan jolas digital edo analogikoak sortzeko asmoz.

Global Game Jam nazinoarteko ekimena 2009an egin eben lehenengoz. Harrezkero, hazten joan da eta, ondorioz, gero eta uri gehiagotan egiten dira  aldi bereko saioak. 2016ko edizinoan, esaterako, 93 herrialdetako 630 egoitza egon ziran. Asteburu bakarrean, 6.867 joko barri sortu ziran.

Aurten be, makina bat uritan batuko dira sortzaileak, urtarrilaren 20tik 22ra. Bilboko Azkuna Zentroa izango da egoitzetako bat. Aurreko urteetan legez, helburua joko digital edo analogikoak sortzea izango da, 48 orduko epean. Inprobisazinoa eta sormena zorroztu beharko ditue parte-hartzaileek, izan be, gai baten inguruko jokoa garatu beharko dabe, baina saioa hasi arte ez dabe jakingo zein izango dan gai hori.

Ekitaldiaren izakerea edegia, bat-batekoa eta sortzailea da, antolatzaileen esanetan. Musikan hain ezagunak diran jam session inprobisazino saioetan hartu dabe inspirazinoa. Global Game Jamek eskua emongo deutso filosofia horri, inguruko talenturik onenagaz, prototipo esperimental eta barritzaile txikiak lortzeko, dinoe Azkuna Zentrotik. Asteburuko saioan sortzen dan jokoren bat, suberte apur bategaz, egiazko proiektu bihurtu leitekela uste dabe.

Game Jam-ak jokoak sortzeko dira, ez irabazteko; parte hartzea eta joko bat sortzea bera da saria berez, azaldu dabe Azkuna Zentrotik. Halandabe, egindako ahalegina autortzeko, epaimahai txiki batek botoa emango dau, gustokoen dituan jokoen alde.

Hortaz, diseinatzaileak, garatzaileak, programatzaileak, 3D modelatzaileak, artistak eta beste hainbat arlotako personak batuko dira Azkuna Zentroan. Delirium Studiosek hartu dau ekitaldiaren antolakuntzearen ardurea, bideo-jokoetan eta negozio-ereduetan espezializadutako Alexandra Samper doktoreagaz batera.

Azkuna Zentroaren barruko Bastida aretoa izango da ekintza guztien erdigunea. Hasikera eta amaiera ekitaldiak han egingo dira. Ganera, Mediateka BBK-n, jokoen inguruko JokuPlay espaziora doban sartu ahal izango da.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu