'La casa de Bernarda Alba' estreinauko dau Bilboko Pabilioi 6 Aretoak

Bizkaie! 2017-01-17 09:26   Kulturea

Pabilioi 6ko Antzerki Laborategiak, Lorcaren La casa de Bernarda Alba estreinauko dau urtarrilaren 20an. Emonaldiak: urtarrilaren 20an, 21ean, 27an eta 28an, 20:00etan eta urtarrilaren 22an eta 29an, 19:00etan izango dira.

Poetea hil eta bi hilebetetara ikusi eban argia lan honek eta 1945ean estreinau zan Buenos Airesen Margarita Xirguren konpainiaren eskutik. Espainian frankismo garaiko zentsureak, antzezlan bat egitea baimendu eban 1964. urtean, Juan Antonio Bardenem zuzendaritzapean. Lorcaren antzezlanak domeinu publiko izatera pasau dira aurten autorearen heriotzearen 80. urteurrena izan dan honetan, holan bada, orain arte bere jaubegoa erabat kontrolauta egon ostean, lanak libre erabili ahal izango dira aurerantzean.

Pabilioi 6 Aretoan aurkeztuko dan antzezlana Itziar Lazkanok zuzendua da eta aktore lanetan Olatz Ganboa, Vene Herrero, Idoia Merodio, Nagore Navarro, Leire Orbe, Carmen Pardo, Aiora Sedano eta Yannick Vergara ikusiko doguz. P6ko Antzerki Laborategian, antzerkiaren arloko emakume profesionalak batu dira, denporan zehar oraindino dagoan zentzunik bako patriarkatu horren kontra aldarri egin guran.

Hurreko iraganera eginiko bidaia, lau belaunaldi baino ez, desbardintasuna eta emakumeen kontrako indarkeriaren sustraiak sustraiak, jaso doguzan zentzunik bako eredu kulturalakaitik sustatzen dirala ulertzeko.

Antzezlaneko musikea Adrian García de los Ojosen eskutik, eszenografia Mario Loza eta Ibai Etxezarraga Alvarezek sortua, argiztapena Tarimako Iñaki Garcíak diseinau dau eta jantzitegia Zapatitos de Charolen eskutik dator.

P6-ren sorreratik, produkzino propioak sortzearen eta ondoren produkzino horreek antzeztearen idea egon da beti, holan bada, lanok epe jakin batean jarraian antzezten egoteko aukerea eskainiz. Gaur egun, produkzino horree berebiziko garrantzia dabe aretoko egitarauan. Aurtengo produkzinoen artean (2017an) oso nabarmen egongo da Lorca eta honen ingurua... La casa de Bernarda Alba eta Los aborigenes (Lorca-Buñuel-Dali) antzezlanen estreinaldiak, Surrealismoari buruzko Tailerra, etab...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu