Kolonbiako presidentea, FARCeko burua eta Gervasio Sanchez argazkilaria Gernikako Bakearen saridunak

Bizkaie! 2017-01-16 11:44   Kulturea

Bakearen eta bizikidetzearen alde egindako ahaleginagaitik sarituko ditue hirurak. Apirilaren 26an izango da ekitaldia, Gernikan bertan.

Juan Manuel Santos eta Rodrigo LondoƱo Echeverri, Kolonbian bakea sinatzeko ekitaldian | Ikusi handiago | Argazki originala

Kolonbiako bake prozesura begira jarri dira aurten epaimahaikideak, Bakearen eta Berradiskidetzearen aldeko Gernika Sarietan. Alde batetik, Juan Manuel Santos Calderon Kolonbiako presidentea sarituko dabe eta, bestetik, FARC gerrillako buru Rodrigo Londoño Echeverri. Hamarkada askoan alkarren kontra burrukan ibili eta gero, gatazkea amaitzeko adostasuna lortu dabe gobernuak eta FARCek.

Gernika-Lumoko Udalak azpimarratu dauenez, Juan Manuel Santos presidenteak sendotasuna erakutsi dau, Latinoamerikako gatazka armadurik zaharrena amaitzeko. Bestetik, Rodrigo Londoño Timoxenko-k prozesu horretan lagundu dau eta, armak albo batera itxita, bide politikoen alde egin dau, epaimahaiaren ustez.

Kolonbiako ordezkari biek jasoko dabe sarietako bat. Bestea, Gervasio Sanchez argazkilariari emongo deutsie. Mende laureneko ibilbidean, konpromiso handiko fotokazetaritzea egin dau eta, Udalak azaldu dauenez, indarkeria salatzeko tresnea izan dira argazkiak Sanchezentzat. Munduan azkenaldion egon diran gerra nagusien lekuko izan da.

2017ko Bakearen eta Berradiskidetzearen aldeko Sariak nori emon erabagi dauen epaimahaian, honeek izan dira kideak: Gernika-Lumoko Udaleko ordezkariak, Alemaniako Pforzheim uriko alkatea (Gernika-Lumogaz senidetuta dago Pforzheim), Gernika Gogoratuz alkartea, Kultur Etxea eta Bakearen Museoa.

Apirilaren 26an banatuko ditue Bakearen eta Berradiskidetzearen aldeko Sariak, Gernikako bonbardaketearen 80. urteurrena beteko dan egunean. Sarion 13. edizinoa da aurtengoa. Igazko sarituak Jose Mujika Uruguayko presidentea eta Aranzadiko kide Francisco Etxeberria izan ziran.

 

Gervasio Sanchez

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu