'Carmelo Ortiz de Elgea. Atzera begirakoa 1963-2016' ikusteko azken eguna gaur Bilbon

Bizkaie! 2017-01-16 10:20   Kulturea

Gaur, urtarrilaren 16an, erakusketea ikusteko azken eguna izango da. Arte Eder Museoko zuzendari eta erakusketearen komisario Javier Viarrek aukeratutako berrogeita hamar pieza inguru dagoz batuta Museoko BBK aretoan.

'Mariscador', 2008 | Ikusi handiago | Argazki originala

Gaur astelehena, urtarrilaren 16an, Carmelo Ortiz de Elgea. Atzera begirakoa 1963-2016 erakusketea ikusteko azken eguna izango da. Museoko zuzendari eta erakusketearen komisario Javier Viarrek aukeratutako berrogeita hamar pieza inguru dagoz batuta museoko BBK aretoan, eta obra horreek egilearen ibilbidea eta interesak gainbegiratzen ditue. Berrogeita hamar urtetik gora igaro ditu paisajearen eta figurearen arteko hartu-emonak aztertzen, pop artean edo pintura abstraktuan sartu eta urtenak eginez.

Carmelo Ortiz de Elgea (Vitoria-Gasteiz, 1944) pintorearen lanek artistearen ibilbide osoko jarduerearen ganeko errepasoa eskaintzen dabe, haren ezaugarri dan figurazinoaren eta paisajearen ikuspegi bereziagaz, gehienbat formatu handietan adierazota. Komisarioa Javier Viar da, Bilboko Arte Eder Museoko zuzendaria, eta erakusketea sei ataletan dago banatuta, artistearen ibilbideko beste hainbeste etapa aztertzeko asmoz.

Hasieran, aurreko mendeko 50eko hamarkadearen hasieran, ezaugarri espresionistako paisajearen pinturan ibili zan buru-belarri, izan be, Ortiz de Elgea pintore goiztiarra eta autodidaktea izan zan. Hasierako lanetan, Madrilgo Eskolako paisajismoaren eragina izan eban, batez be, Benjamín Palenciaren lanena, eta, ondoren, informalismo abstraktuarena eta Antoni Tàpiesen pintura materikoarena.

60ko hamarkadearen erdialdean, aldi batez, pop art mobimenduagazko interesa erakutsi eban, eta kolore lau eta distiratsuen paletea eskuratu eban, bai eta elementu tipografikoen, collage fotografikoen eta figurazino kartelgiletik eratorritako irudien erabilerea be. Garai haretan, 1966an, Arabako abangoardiako artisten Orain taldeko sortzaileetako bat izan zan.

Aldi horren ondoren, eta hamarkada horren amaieran, bere pinturea figurazino original lez zehaztu zan, oso irudimentsua eta erreferentzia autobiografikoakaz, perspektibearen legeetatik kanpoko espazio batean nahasten diran morfologia eta eskala desbardineko personaiakaz.

1973an, ibilbideari bira osoa emon, eta koloreko plano handiko pintura abstraktu egituratuari ekin eutson, paisaje modukoak osotzen zituala, naturalismoaren eta geometrizazinoaren arteko bidean, giza irudiaren erreferentzia desagertuta. Etapa hori laburra izan zan; izan bere, 80ko hamarkadearen hasieran, Ortiz de Elgea figurazinora itzuli zan, bere lanetan gitxi gorabehera zirriborratutako paisajeak eta abstrakzinoak sartuz, askotan ausazko ekintza piktorikotik eratorriak. Era berean, hurreko irudiak eta egiten zituan bidaia ugarietako irudiak gehitu zituan.

Horixe da Carmelo Ortiz de Elgeak ordutik izan dauen erregistroa, pintura-interesak figurearen eta paisajearen arteko hartu-emonetan ardaztuz, koloreak eta keinu piktorikoak zuzendutako izugarrizko energia sortzaileko mundu batean, irudimenaren eta artistearen erreferente propioen artean dabilela.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu