Aldi baterako sei erakusketa, Bilboko Expodistrito programearen edizino barrian

Bizkaie! 2017-01-13 08:23   Kulturea

Argazkigintzea eta pinturea ardatz, urtarrilaren 16an hasi eta martian amaituko da Expodistritoren edizino barria. Bilboko auzoetan egongo dira erakusketak.

Bizkaiko Arte Alkarteak atondutako erakusketan ikusi ahal izango dan margolanetako bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Uriko barruti guztietara proposamen kulturalak eroateaz arduratzen dan Expodistrito ekimenaren hiruhileko honetako egitaraua aurkeztu dau Bilboko Udalak. Estilo ugaritako lau margolariren beste horrenbeste erakusketa programau ditue oraingoan, baita argazkilaritzeari lotutako beste bi be.

Programako lehenengo erakusketak astelehenean, hilak 16, zabalduko dira. San Frantziskoko udaltegian, Bizkaiko Arte Alkarteko kideek egindako obrak erakutsiko dira. Akuarelak, olioak, akrilikoak... 25 koadro dira guztira, estilo eta formatu ugaritakoak.

Begoñako udaltegiko erakusketa aretoan, bestalde, Mª Ángeles Ruiz de Gopeguiren margolanak ikusi ahal izango dira. Errekaldeko udaltegian, ostera, Jorge Ronda Suverbiolak natureari eskainitako margolanen bildumea erakutsiko dau.

Expodistritoren eskaintzearen barruan, Otxarkoagako auzo-etxera helduko da María Casuso-Aguadoren argazki erakusketea. Fotokazetaritzan ibiltzen da Casuso-Aguado. Programazinoko beste argazki erakusketea Iñaki Marquinarena izango da, Castañoseko udaltegian. Horreek erakusketa guztiak urtarrileko lehenengo hamabostaldian egongo dira ikusgai. Gero, beste areto batzuetara eroango ditue, margolanak eta argazkiak uriko barruti guztietan ikusi daitezan. Ganera, zezeilean, programako seigarren erakusketea helduko da: Nistal Mayorga margolari bilbotarraren koadroen bildumea.

Expodistrito programea Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena da, eta bere helburuen artean dagoz uriko arte adierazpideak deszentralizetea eta artista gazteen lana gizarteratzea. Hiruhileko honetako programazinoa martiaren 31n amaituko da. Ordura arte, sei erakusketak Bilboko udaltegietan eta eremu publikoetan ikusi ahal izango dira, txandaka. Erakusketa guztien data eta lekuak, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu