Meatzaleak zikloa Bilboko Azkuna Zentroan, kulturgileen lana azaleratzeko

Bizkaie! 2017-01-12 12:48   Kulturea

Hilean behin egingo ditue topaketak, Leire Palacios gidari dala. Lehenengo hitzorduan, urtarrilaren 18an, Fermin Muguruzak parte hartuko dau.

Fermin Muguruza izango da lehenengo protagonistea (argazkia: Azkuna Zentroa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Meatzaleak zikloaren oinarria lau kontzeptutan dago: Bilbo, euskerea, kulturea eta historia. Kulturearen arloan sortzen eta eragiten dabilzan personak batu nahi ditue eta, solasaldien bidez, euren jarduerearen eta ikuspegiaren barri emon. Ilunetakoak argitara ekarteko ahalegina da, sakonean dagozanak eguzkiratzeko proposamena, dinoe Bilboko Azkuna Zentrotik. Bilbo, Euskal Herria eta mundua kontau nahi doguz kultur adierazpide askotako sortzaileen jakintzearen eta eretxien bidez.

Kulturearen eremuan beharrean dabilzanak izango dira saioetako gonbidatuak, beraz. Musikariek, idazleek, aktoreek... bakotxak berea kontetako aukerea izango dabe. Kulturearen mundua ezagutzen daben kazetariak, politikariak eta abar be egongo dira parte-hartzaileen artean.

Formatu aldakorreko saioak izango dira. Berbaldiak, mahai-inguru didaktikoak, alkarrizketak eta zuzeneko emonaldiak tartekatuko doguz, berbagai bakotxari ahalik eta etekin handiena ateratzeko, hizlarien eta ikus-entzuleen arteko alkarreragina sustatzeko asmoz, azaldu dabe antolatzaileek. Leire Palacios da Meatzaleak zikloaren arduraduna eta berak gidatuko ditu saioak.

Lehenengo saioa urtarrilaren 18an egingo dabe, Bilboko Azkuna Zentroko Bastida aretoan. Saioa arratsaldeko 19:00etan hasiko da. Fermin Muguruza musikari eta zinemagilea izango da lehenengo gonbidatua. Bilbo-BCN-Belfast-Berlin-Beitut-Bogota izenburupean, solasalditxua izango dau Leire Palaciosegaz. Sartzea doban da, baina gonbidapena hartu behar da Azkuna Zentroko Info Puntuan.

Muguruzaren ostean, beste kulturgile batzuen txandea izango da Meatzaleak zikloan. Hilean behin, eguaztenez, batuko dira. Hurrengo saioetako protagonista batzuen barri emon dau Azkuna Zentroak: Nagore Uriarte eta Errota Digitala; Lutxo Egia eta Inun; Onintza Enbeita eta Ander Lipus; Haizea Barcenilla eta Okela Sormen Lantegia; eta Ander Gortazar eta Leire Milikua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu