'ORM elurretako erresuman' filma euskeraz estreinauko dabe barikuan

Bizkaie! 2017-01-11 08:07   Zinemea

Zinema Euskaraz programeari esker, Hego Euskal Herriko bederatzi aretotan ikusi ahal izango da, euskeraz, ORM elurretako erresuman.

Zineuskadi erakundearen ardurapean sortutako Zinema Euskaraz programan, euskerazko filmak zinema-aretoetan ikusteko aukerea emoten da. Euskerazko astialdia bultzatzea eta euskerea komunikazino kulturalerako erabiltea dira helburuak. Urtero hainbat film estreinetan dira euskeraz egitasmo horri esker. 2017ko lehenengoa ORM elurretako erresuman izango da, jatorrizkoan The snow queen 2.

Alexei Tsitsilin errusiarrak zuzendutako film horren abiapuntua Edurretako Erregina maltzurraren historia da. Erregina hori garaituta, eta eguraldia epelduta, troll-ak lasai bizi dira. Baina Orm troll-a ez dago konforme, Edurretako Erregina garaitzeko egindako ahalegina ez jakolako autortu. Horregaitik, abentura bila urtengo dau edurretara. Bidean konturatuko da, heroia izatea baino garrantzitsuagoa dala zintzoa izatea eta lagunen alde egitea.

Umeei eta familiei zuzendutako animazinozko filma da ORM elurretako erresuman. Barikuan, urtarrilak 13, honako zinema-aretoetan estreinauko dabe: Durango (Zugaza), Bilbo (Multi), Getxo (Zinema), Gasteiz (Yelmo Boulevard), Barakaldo (Yelmo Megapark eta Cinesa Max Ocio), Portugalete (Dock), Eibar (Coliseo) eta Donostia (Principe).

Zinema Euskaraz programeak diruz lagundutako lehenengo filma da aurten. Igaz, programa horren barruan, hamalau filmen euskerazko bersinoa estreinau ahal izan zan.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu