Zabalik dagoeneko 2017ko lehen deialdian EGA ziurtagiria eskuratzeko probetara aurkezteko epea

Bizkaie! 2017-01-10 08:55   Euskerea berbagai

Izena emoteko epea urtarrilaren 9tik 23ra bitartean egongo da zabalik 17 urte edo gehiagokoentzat eta izen-emotea online egin behar da, Hezkuntza sailaren webgunearen bidez.

EGA ziurtagiria eskuratzeko probetara aurkeztu nahi daben herritarrek bete beharreko baldintza nagusia edadeagaz lotutakoa da: 17 urte beteta izatea, edo 2017an zehar betetea (2000 urtean edo lehenago jaioak). Ezgaitasunen bat daben azterketariek azterketea egokitzeko eskatu leikie matrikulea egitean. Probeak EAEko hiru lurralde historikoetako uriburuetan egiten dira. Hezkuntza Sailak urtean birritan egiten dau EGA azterketara aurkezteko deialdia: urtarrilean lehenengoa, eta garagarrilean bigarrena. Beraz, EGAren lehen deialdi honetara aurkezteko asmoa dauenak aintzat hartu beharko dau honako egutegi hau:

- Matrikula epea: urtarrilaren 9tik 23ra (eguerdiko 12:00ak arte).
- Onartuen behin-behineko zerrendea: zezeilaren 10ean.
- Erreklamazinoak: zezeilaren 16ra arte.
- Onartuen behin betiko zerrendea : zezeilaren 23an.
- Atariko probea: zezeilaren 25ean.
- Proba idatzia: martiaren 11n.
- Ahozko probea: maiatzaren 26an eta 27an eta bagilaren 2an eta 3an.

2017 honetako bi deialdiek barrikuntza garrantzitsua dakarre EGAra aurkeztuko diran azterketarientzat. Proba idatzian, 10 minutu gehiago izango dabe idazlan luzea eta
laburra egiteko.


EGA, C1 mailea

EGAren helburua da ziurtatzea azterketea gainditzen dauenak, Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren arabera, C1 mailari jagokon gaitasuna aduela euskeraz ahoz eta idatziz komuniketako. Horretarako, atariko probaz gan (aukera anitzeko testa), proba idatzia eta ahozko probea egin behar ditu EGA azterketara aurkezten danak.

Ganera, 2000 urtetik, ALTE (Association of Language Testers in Europe) alkarte europarreko kide da EGA. Hizkuntza-gaitasuna aztertzen daben kideez osotutako Europako alkartea da ALTE. Bertan, EGA legez, hizkuntzen azterketetan dabizan erreferentziazko hainbat erakunde batzen dira, besteak beste, Cambridge University edo Trinity College ingeleserako, CCIP edo CIEP frantseserako, Cervantes Institutua gaztelaniarako, edo Goethe-Institut alemanerako.


ALTEren Q kalitate-markea

2017ko lehen deialdi hau ALTEk EGA azterketeari berretsi deutson kalidade-autorpenagaz batera dator, izan be, ALTE–Association of Language Testers in Europeaelkarteak Q kalidade-ikurra berretsi deutso EGAri, alkarte horren auditoretza zorrotza barriro gainditu ondoren. Autorpen garrantzitsua da hau EGA azterketarako, ondo egindako lanaren autorpena. Honek esan nahi dau EGA ziurtagiria eskuratzeko gainditu beharreko azterketea, bere prozedura guztian, ondo diseinautako azterketea dala, hau da, neurtzen duaen C1 hizkuntza mailea baloretako egoki diseinautakoa, hasieratik bamaierara ondo planifikautakoa helburu horretarako, arbitrariotasun guztiak baztertuz.

EGAk ALTEren kalidade-parametroak beteten dituala frogatu dau eta alkartearen kide diran beste erakunde batzuen azterketen kalidade-mailea badauela, adibidez, Cambridg University-k egiten dauen Advanced azterketearena, edota Goethe-Institut-ek emoten dauen Goethe-Zertifikat C1 ziurtagiria lortzeko azterketearena.

ALTEren Q kalidade-markearen inguruko informazino gehiago, esteka honetan irakur daiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu