Balmasedako La Encartada fabrika-museoak hamargarren urteurrena ospatuko dau aurten

Bizkaie! 2017-01-10 09:26   Kulturea

Urte osoko egitarau oparo baten bidez gogoratuko dabe efemeridea. Hasteko, gaur, hilak 10, doban sartu ahal izango da.

La Encartada fabrika-museoaren barrualdea (argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia) | Ikusi handiago | Argazki originala

La Encartada txapel-fabrikea 1992an zarratu eben baina, urte batzuk geroago zabaldutako fabrika-museoari esker, bertako jarduerea eta Enkarterriko gizartearen historia gorde ahal izan dira. Lantegia egoan lekuan bertan dago museoa eta era horretako lehenengoa izan zan Bizkaian. 2017an hamar urte beteko dituanez, ospakizunetarako tartea hartuko dabe.

Hain zuzen be, 2017ko urtarrilaren 10ean, gaur hamar urte, zabaldu eben La Encartada fabrika-museoa. Urteurrenaren egun zehatza dan hau aukeratu dabe ospakizunei ekiteko. Hartara, gaur doban sartu ahal izango da museoan. Ondoren, hil bakotxean gai nagusi bat landuko da. Kontzertuak, tailerrak, berbaldiak, erakusketak, ibilaldiak eta abar egongo dirala aurreratu dabe.

Urtarrileko jardueren izenburua Hamar urte bete ditugu izango da. Holan, hilaren 15ean Balmasedako Kolitza abesbatzearen emonaldia egongo da museoan bertan eta, 22an, familientzako tailerra eratu dabe. Zezeilaren 26ra arte, aldi baterako erakusketea egongo da, Bizkaiko beirateak, argiaren jaubetzea izenburupean. Hilaren 10ean ez eze, 14an eta 15ean be doban sartu ahal izango da museoan.

Zezeila Istorioak ehuntzen izenburupean etorriko da: Fabrikeak izan eban jarduerea aintzat hartuta, ehungintzeagaz lotutako jarduerak izango dira nagusi. Martia, ostera, Emakumeen hilea izango da eta andrazkoek industrializazinoan izan eben egitekoa aztertuko da, besteak beste. Hurrengo hileetan be, jarduera gehiago antolatzen joango dira La Encartadan. Egitaraua webgunean eguneratuko dabe.

La Encartada fabrikea 1892an sortu zan. Ehun urteko ibilbidean, 1992ra arte, artilez egindako jantzien produkzinoan jardun eban. La Encartada txapelak ospetsuak ziran. Fabrika berezia zan Bizkaian: Batetik, sektore horretako industria askorik ez egoalako inguruan eta, bestetik, aurrerapen teknologiko barritzaileenak erabili ziralako.

Sortu zanetik zarratu arte, ehun urtean, ez zan askorik aldatu lantegiaren egiturea. Horregaitik, 19. mendearen amaierako industriaren eta gizartearen ezaugarriak ezagutzeko inguru aproposa da La Encartada. Kokagunea, langileen koloniak, pletinen eta barren sistemea eta makinak industria iraultzaren hasikerako urteetakoak dira. Museoari esker, tresna horreek guztiak gorde ahal izan dira eta batzuk oraindino martxan ipinten dira bisitariei erakusteko.

2007an fabrikea museo bihurtuta zabaldu zanetik, programazinoa indartzen joan da, Balmasedako eskainza kulturalaren barruan. Ganera, aldi baterako 11 erakusketa antolatu dira instalazinoetan. Hamarkada baten, 100.000 bisitaritik gora joan dira fabrika-museora.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu