Urruzunotarrak Gehituz lehiaketara idazlanak aurkezteko epea zabaldu da

Bizkaie! 2016-12-30 08:28   Kulturea

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko neska-mutilentzako literatura lehiaketea martxan izango da zezeilaren 28ra arte, Eusko Jaurlaritzeak azaldu dauenez.

Aurreko edizinoko irabazleak (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Orain dala hiru hamarkada baino gehiago sortu zan gazteentzako Urruzunotarrak Gehituz lehiaketea, euskal ikasleen artean literaturzaletasuna zabaltzeko eta gazteek euskerea erabili daien euren gogoetak, bizipenak eta sentimenduak adierazoteko. Jaurlaritzeak dino erreferentziazko lehiaketea bihurtu dala eta, aurreko urteetako irabazleen zerrendea begiratu ezkero, orain ezagunak diran idazle, bertsolari eta kazetari batzuen izenak agiri dirala.

2017ko ekitaldia martxan da eta, idazlanak bialtzeko epea zabaldu barri dan ezkero, Jaurlaritzeak dino gazteek aukera polita daukiela Gabonetako oporretan sorkuntza literarioa lantzeko. Zezeilaren 28ra arteko epea daukie lanak entregetako.

Aurreko edizinoetan legez, kategoria bitan banatuko ditue parte-hartzaileak: B kategorian, DBHko 3. eta 4. mailako ikasleak sartuko ditue; A kategorian, Batxilergoko 1. eta 2. mailakoak eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetan dagozanak. Idazlanen gaia librea izango da kategoria bietan eta prosa zein poesia idatzi ahal izango da. Hori bai, euskeraz egon beharko dira aurkeztutako testu guztiak.

Epaimahaiak 20 lan sarituko ditu guztira, hau da, hamar kategoria bakotxean. Sarien erdiak poesia lanei emongo jakez eta beste erdiak, prosan idatzitakoei. Saritutako lan guztiakaz liburua argitaratuko dau Jaurlaritzeak eta ikastetxeetan banatuko dau. Irabazleek bost eguneko prestaketa-egonaldian parte hartu ahal izango dabe. Hor, tailer literarioak zein idazketeagaz eta sormenagaz zerikusia daukien jarduerak egingo ditue, euskal idazle batzuen laguntzinoagaz.

Urruzunotarrak Gehituz lehiaketara 150 lan aurkeztu ziran igaz. Irabazleek Elgoibarko Aubixa baserrian egin eben egonaldia, Yolanda Arrieta, Maite Franko eta Jon Martinegaz batera. Ikasturte honetakoa 32. edizinoa izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu