Kubako Euskal Etxeak munduko euskaldunak konbidau ditu 2017ko garagarrilean 140. urteurreneko jaietara joan daitezan

euskalkultura.com 2016-12-28 09:00   Euskaldunak munduan

Alkarteak ekitaldiotan parte hartu eta lagundu nahi dabenei eurekaz hartu-emonetan jarteko konbita luzatu deutse, avnb@enet.cu e-postara idatziz.

Oraintsu egin dau Habanan urteko bere Biltzar Nagusia Kubako Euskal Etxeak. Centro Vasco Navarro de Beneficencia izenagaz 1877an sortua, Ongintzako Euskal Alkartea eta Habanako Euskal Etxea izenak be erabilten ditu munduko euskal etxe zaharrenetakoa dan honek. Renato Garcia Egusquiza 2012tik presidente dauela, dana atontzen dago 2017ko garagarrilean bere 140. urteurrena ospatzeko.

2017rako egitasmo handiak ditu eskuartean Kubako Euskal Etxeak, izan be, alkarteak bere sorrerearen 140. urteurrena beteko dau eta jagokon moduan ospatu nahi dau, besteak beste, munduko euskaldunei konbita luzatuz datorren udan Habanara inguratu eta parte hartu deien.

Datorren urtea etorri bitartean, alkarteak Bazkideen Bilera Orokorra egin eban pasa dan abenduaren 18an, aurtengo ekitaldien balioespena eginez. Bilkuran alkartearen emoitza eknomikoak be aurkeztu zituen, eta horrezaz gan, urtean zehar bazkideen artean egondako alta eta bajen barri emon eben; zoritxarrez, 2016an 10 bazkide hil dira, baina alkarteko presidente Renato Garcia Egusquizak azpimarratu dauenez, bazkide barriak be egin dira.


140. urteurrena

Euskal Etxea egitarau zabala dago atontzen bere 140. urteurrena ospatzeko. Aurreikusitakon ekitaldien artean nabarmendu daiteke Joseba Gotzon musikari bizkaitarrak Habanan emongo dauen kontzertua, izan be, 2017an, Joseba Gotzon nazinoarteko birea egiten ibiliko da, Euskal Selekzinoaren 80. urteurrenaren harian. Kontzertuagaz batera erakusketa eta dokumental baten emonaldia be egingo dira musikariak atondu dauen ikuskizunaren barruan.

Horrezaz gan, euskal etxeak beste hainbat ekitaldi egingo ditu eta alkartearen urteroko jarduera eta ohiko jaiak be egingo ditu, berbarako, Aberri Eguna, San Fermin eta bestelako batzuk. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu