Basque Team-ek bere kirolari gehienak batu, 2016ko gorabeherak errepasau eta bere etapa barriaren oinarriak aurkeztu ditu

Bizkaie! 2016-12-27 10:12   Kulturea

Aurten maila gorengo kirola itxi daben Basque Teameko kirolariei omenaldia egin jake.

Omenenaldian izan dira Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kultura-ko sailburua, Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol zuzendaria eta Olatz Legarza Basque Team-ko koordinatzailea:

Basque Team Fundazinoak bere kirolari gehienak alkartu ditu Donostiako Tabakalera kultur-zentroan ospatutako Gabonetako ekitaldian. Bertan 200 konbidadu inguru batu dira, teknikariak, hainbat federazinotako kideak, eta babesleak.

Ospakizuna Bingen Zupiria sailburuaren berbakaz hasi da: Kirolaren baloreak ezinbestekoak dira gizarte sendo baten eraikuntzan; horregaitik, Basque Team lagungarria izan daiteke, Euskadiren garapenean, baieztatu dau Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak:



Ondoren urteak Basque Teamen, kirol arloan, emon dauena errepasetako momentua heldu da. Lehenengo kirolari ez olinpikoen lorpenak gogoratu ditue eta gero urteko hitzordu garrantzitsuenaren txandea etorri da: Olinpiar eta Paralinpiar Jokoak.

Galan izan dira uriburu kariokan lehiatu ziran kirolari gehienak, horreen artean diplomea irabazi eben Iñigo Peña eta Ander Elosegi palistak, Ainhoa Hernandez eskubaloi jokalaria eta Rakel Mateo paratriatletea, eta hiru dominadunak: Amador Granados, Asier Garcia eta Maialen Chourraut.

Riori eskainitako tartean, Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol zuzendariak kirolarien lana goraipatu eta azpimarratu dau hurrengo Jokoetan, Pyeongchan 2018n eta Tokio 2020n, Asiak euren arrakastaren lekuko izan behar dauela.

Basque Teametik Berria egunkariko Imanol Magro eta Enekoitz Telleria kazetarien lana autortu nahi izan da. Bikain emon eben Jokoen barri Riotik, batez bere euskal kirolariei jagokenez, web orrialderako eta BerriaTB-rako be lan eginda. Martxelo Otamendi Berria-ko zuzendaria be izan da eurekaz batera ekitaldian.

Magro eta Telleriaren lana goraipatzeaz gan, Pedro Gabilondo kazetariaren ibilbidea be azpimarratu da. Gipuzkoarra bederatzi Jokotan ibili izan da. Lehenengoak Berlinen 1974. urtean eta azkenak Atenasen 2004an.

Jokoei buruzko tartearen ostean, agurrei paso emon jake. Maider Unda burrukalaria, Richard Oribe ugerlaria, Mikel Odriozola atleta, Hodei Mazkiaran txirrindularia, Jon Erguin piraguistea eta Elaia Torrontegi taekwondista eszenatokira igon dabe eta fundazinoaren kolaboratzaile barria dan Eguzkilore bitxi-dendeari esker domina bana jaso ondoren, Iñigo Asensio aurkezleagaz barriketalditxua izan dabe euren kirol ibilbideko lorpenak gogoratzeko. Basque Teameko sei bekadunek agur esango deutsie goi-mailako lehiaketeari.

Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzailearen berbaldiagaz eta sorpresa bategaz amaitu da ekitaldia. Carlos Tobalina pisu-jaurtitzailea eta Irati Goikoetxea piraguistea aretoan sartu dira Olentzeroz eta Mari Domingiz jantzita, fundazinoaren etapa barriari begira desiraz betetako zakua eurekaz ekarrita; laguntzinoa eta zehaztasuna, jakintza espezializatua, hurrekotasuna, konpromisoa eta ilusinoa ekarri ditue kirolari guztientzat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu