George Michael abeslari ingelesa hil da

Bizkaie! 2016-12-26 09:17   Musikea

Haren ingurukoek azalpen askorik ez dabe emon, modu paketsuan hil dala baino ez. 53 urte eukazan George Michaelek, pop musikearen izar handienetako bat izan danak.

Georgios Kyriacos Panayiotou 1963an jaio zan Londresen. George Michael ezizeangaz ibilbide musikal arrakastatsua euki eban. Lehenik eta behin, 1980ko hamarkadan, Wham! taldean egin zan ezagun. 1987an, bakarka atera eban lehenengo diskoaren (Faith) 20 miloe kopia saldu zituan. Harrezkero, gehien saltzen daben bakarlarien artean egon da (100 miloe disko baino gehiago saldu dituala kalkulau dabe).

George Michaelen zazpi single, salduenen zerrendako lehenengoak izatera heldu dira Erresuma Batuan. Hainbat sari be emon izan deutsiez: Brit Awards, MTV Sariak... baita Grammy bi be. Haren abesti ezagunenen artean dago Wake me up before you go-go.

Pop musikearen erreferentzia nagusietako bat izan da George Michael 1980ko hamarkadatik gaur egunera arte. 1998an homosexuala zala onartu eban eta eredu bihurtu zan euren homosexualidadea ezkutau barik bizi nahi eben artistentzat zein herritar arruntentzat.

Oxfordshire konderriko etxean hil da George Michael, Gabon egunean. Haren ordezkariak azaldu dauenez, modu paketsuan hil da, 53 urtegaz, ohean. Dana dala, ez da zehaztasun askorik zabaldu heriotzearen arrazoien inguruan. Bihotzeko gatxen bat izan dala zabaldu dabe Britainia Handiko hedabide batzuek. Poliziak dino ez dauela gertakari susmagarririk topau heriotzearen inguruan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu