Galtzagorri alkarteak 'Txan fantasma' aplikazinoa sortu dau

Bizkaie! 2016-12-23 09:32   Kulturea

Klis-klasikoak bildumearen inguruko bigarren aplikazinoa da eta, familia osoarentzat aproposa dan arren, batez be 8 eta 12 urte bitarteko umeei zuzenduta dago.

Mariasun Landak idatzitako eta Jon Zabaletak ilustrautako Txan fantasma liburuan oinarritutao aplikazinoa da Galtzagorri alkarteak aurkeztu barri dauena. Telefono adimendunetarako aproposa da. Klis-klasikoak app bildumako bigarren produktua da.

Landaren eta Zabaletaren liburuko pasarte eta irudiak abiapuntu dirala, hainbat jolas eskaintzen ditu aplikazinoak, 8 eta 12 urte bitarteko umeek irakurtzeaz disfrutau daien eta olgetako bideak topau daiezen. Irakurketeta eta ulermena lantzeko tresna lagungarria izango dala dino Galtzagorrik.

Multiplataforma erako aplikazinoan egin leitekezan proposamenik barritzaileenak eta duinenak emon jakoz Txan fantasma aplikazinoari, jatorrizko testua eta irudia indartzeko, Galtzagorri alkarteak dinoanez. Maskota birtual bat, kantak, puzzleak, jolas herrikoiak, asmakizunak, ahozkotasuna lantzeko jarduerak eta abar dakarz aplikazino barriak.

Euskeraz eta euskal literaturako klasiko batetik abiatuta, orain arte egin ez dan gauza bat da aplikazinoa, Galtzagorriren esanetan. Kalidade handiko gure literaturea kalidade handiko app bategaz buztartu nahi izan dogu, azaldu dabe alkartetik. Batez be, 8 eta 12 urte bitarteko neska-mutilentzat da Txan fantasma aplikazinoa baina familia osoak jolasteko modukoa da. Intuitiboa eta bakarka zein banaka olgetako modukoa da.

Aplikazinoa sortzeko, Oreka Interactive enpresearen laguntzinoa izan dau Galtzagorrik, eta liburuaren autoreakaz, Masriasun Landagaz eta Jon Zabaletagaz, alkarlanean ibili da. Landak ahotsa jarri dau aplikazinoaren hasikerako atalean eta Zabaletak irudi barri batzuk marraztu ditu. Doban deskargau leiteke Txan fantasma, Google zein Android plataformetarako.

Galtzagorrik 2014an sortu eban Klis-klasikoak app bildumea, Klis-klasikoak saileko liburuen osagarri legez. Maria Goikoak batbirulau! aplikazinoa izan zan lehenengoa eta orain bigarrena plazaratu dabe, Txan fantasma.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu