Mundaka Festival 2017ko edizinoa atontzen hasi da

Bizkaie! 2016-12-23 08:26   Musikea

Mando Diao, Quique González, Lee Fields, Peter Harper eta Last Fair Deal jaialdian izango dira, garagarrilaren 28tik 30era.

Kresalez beterik lelopean, Mundaka Festival musika jaialdiaren hirugarren edizinoa motorrak berotzen hasi da. Oraindino urte erdia baino gehiago falta dan arren, Mundakan izango diran talde eta musikari batzuen izenak aurreratu ditue antolatzaileek.

Batetik, Mando Diao talde suediarrak Santa Katalinako oholtzan joko dauela baieztau dau jaialdiak. Pop, mod, soul, Rythm&Blues eta Brit-pop estiloak era bitxian nahasten ditu Mando Diaok eta lan barria aurkeztuko dau Mundakan.

Bestetik, Quique González & Los Detectives be Mundakan izango dira. Bilboko Kafe Antzokiko kontzerturako sarrera guztiak agortu dira eta, beraz, zaleek Mundakan izango dabe bigarren aukera bat.

Mundaka Festivalen egongo diran taldeen artean, beteranoetako bat Lee Fields & The Expressions izango da. Izan be, funk, blues eta soula lantzen dauen Ipar Kaliforniako talde hori 1960ko hamarkadan hasi zan musikearen munduan. Beste kaliforniar bat be egongo da Mundakan, Peter Harper. Klasikotasun baltzaren berpiztea eroango dau jaialdira Harper anaietan txikienak, antolatzaileen esanetan.

Etxeko talde bat, Bizkaikoa, da Last Fair Deal, orain arte baieztatu dan azkenengo taldea. Power trio erako talde honek hard-rock, blues eta rock estiloak buztartzen ditu eta, antolatzaileen esanetan, zuzeneko sutsuak emoten ditu.

Mundaka Festival garagarrilaren 28tik 29ra izango da eta abonuak salgai dagoz dagoeneko, jaialdiaren webgunean, 55 euroan. Leku fisikoak be badagoz salmentarako: Ambigú, El Txoko de Gabi (biak Bilbon), Mundaka BC (Mundaka), Luma liburudendea (Bermeo) eta Musutruk (Gernika). Bizkaiko Kultur Txartelagaz deskontua lortu leiteke gune horreetan, urtarrilaren 31 baino lehen joan ezkero.

Udea, itsasoa eta kostaldea esku-eskura dagozala, musikarik onenaz, surfaz eta gastronomiaz disfrutetako jaialdia da Mundaka Festival, antolatzaileek azaldu dabenez. 2015ean sortu zan eta pixkanaka finkatuz doan hitzordua da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu