2017ko Aratusteetako kartela lehiaketa bidez aukeratuko dau Bilboko Udalak

Bizkaie! 2016-12-22 08:32   Kulturea

Kartel finalistak epaimahai batek aukeratuko ditu eta, ondoren, herritarren botoakaz erabagiko da zein izango dan Aratusteetako kartel ofiziala.

Argazkia: Bilboko Udala | Ikusi handiago | Argazki originala

Proposamenak aurkezteko epea zabalik dago, Bilboko Udalak azaldu dauenez. Interesa dauenak, urtarrilaren 10era arteko epea dauka kartela antolatzaileei emoteko. Horretarako, Bardintasun, Lankidetza, Bizidetza eta Jai Sailera jo behar da, uriaren erdiguneko Venezuela plazan.

Aurreko urteetan legez, kartela sortzeko eta aukeratzeko prozesua herritarren partaidetzan oinarrituta egongo dala dino Udaleko Jai Batzordeak. Fase bi izango ditu lehiaketeak eta behin betiko erabagia herritarren esku egongo da, epaimahaiak be zeresana izango dauen arren.

Kulturearen munduko eragileek eta Jai Batzordeko kideek osotutako epaimahai batek erabagiko dau zeintzuk izango diran sei kartel finalistak. Horreek ikusgai egongo dira interneten eta leku fisiko baten (oraindino ez da erabagi non), herritarrek gustukoena aukeratu daien. Epaimahaiaren eretxiak % 25eko balioa baino ez dau izango azken bozketa horretan, ganerakoa herritarren esku egongo da.

Kartel proposamena aurkeztu nahi dauenak, hainbat baldintza bete beharko ditu. Alde batetik, Bilbao 2017 Aratusteak/Carnavales Otsailak 23-28 febrero testua izan beharko dau idatzita. Obra originalak izan beharko dira, ganera. Teknika librea da eta egile bakotxak lan bi aurkeztu ahal izango ditu gehienez.

Urtarrilaren 10eko eguerdiko 13:00ak arte entregau leitekez kartelak. Irabazleari 2.000 euro emongo deutsaz Udalak. Epaimahaiak ikusten badau parte-hartzaileen artean ez dagoala kalidade nahikorik, uriko estudio edo artista bati eskatu ahal izango deutso kartela egiteko.

2017an, Bilboko Aratusteak zezeilaren 23tik 28ra bitartean izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu