Ane Labakak eta Beatriz Egizabalek eskuratu dabe sormenerako I. Lanku Bekea

Bizkaie! 2016-12-21 08:35   Bertsolaritzea

Erradikalak gara lanari esker lortu dabe Lanku Kultur Zerbitzuak-en laguntzinoa. Bertsolaritzeagaz lotutako sormena bultzatzen dau bekeak.

Beatriz Egizabal, Ane Labaka eta IƱaki Murua (argazkia: Lanku) | Ikusi handiago | Argazki originala

Lehenengoz egin dabe aurten bertso edukiak sortzeko Lanku Bekearen deialdia. Helburu bi daukaz ekimenak: Batetik, bertsolaritzan oinarritutako emonaldi barriak sortzea eta laguntzea; bestetik, sortzaileen eta Lankuren arteko alkarlana bultzatzea.

Lehenengo deialdi honetan, lau proposamen aurkeztu dira. Aurkeztutako proposamen guztien balorazino oso ona egin dau epaimahaiak, hau da, danak iruditu jakoz aproposak. Dana dala, bat aukeratu behar, eta Ane Labakak eta Beatriz Egizabalek aurkeztutako idearen alde egin dau Lankuk, danen artean onena dalakoan.

Bertsogintza munduan eskarmentu handia daukien bost persona egon dira epaimahaian: Andoni Egaña bertsolaria, Jon Agirresarobe Euskal Herriko Bertsozale Alkarteko sustapen eragilea, Ixiar Eizagirre erakunde bereko transmisino eragilea, Marta Agirrezabala Lankuko koordinatzailea eta Beñat Gaztelurrutia kultur programatzailea. Bertsozale Alkarteko lehendakari Iñaki Muruak emon deutse saria Labakari eta Egizabali, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean egindako ekitalditxuan.

Erradikalak gara izeneko emonaldi baterako proposamena egin dabe Labakak eta Egizabalek. Behin bekea eskuratuta, zortzi hileko epea daukie proiektua guztiz garatu eta Lankuri gidoia aurkezteko. Holan, emonaldi barria martxan ipini ahal izango da. Lan hori egiteko, 800 euroko dirusaria jasoko dabe egileek, bekearen deialdian jasoten danez.

Lasartearrak dira bai Ane Labaka eta bai Beatriz Egizabal be. Bertsolaria da lehenengoa eta ipuin-kontalaria bigarrena. Bakotxak bere arlotik egingo dau ekarpena Erradikalak gara proiektua sortzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu