EHUren Arte Eder fakultadeko ikasleen lanak, Bilbon ikusgai

Bizkaie! 2016-12-20 11:30   Kulturea

Gradu amaierako lanen III. erakusketea Abandoibarrako Bizkaia Aretoan dago, urtarrilaren 5era arte. Titulua lortu barri daben ikasleen 40 lan eta 206 dosier dira.

Erakusketearen zati bat (argazkiak: EHU) | Ikusi handiago | Argazki originala

2015-2016 ikasturtean EHUren Arte Eder fakultadean titulua eskuratu daben ikasleen lanen aukeraketa bat ikusteko aukerea eskaintzen dau Bilboko Bizkaia Aretoak egunotan. Gradu amaierako lan legez ikasleek eginiko 40 artelan eta 206 dosier batu ditue. Erakusketeak Bizkaia Aretoko Etxepare, Axular eta Chillida erakusketa-aretoak betetzen ditu eta 08:00etatik 20:00etara bisitau leiteke. Sartzea libre da.

Arte Eder fakultadeko Gradu Amaierako Lanen III. Erakusketa hau, ikasleek aurkeztutako 40 pieza aukeratuk osotzen dabe. Tartean dagoz margolanak, instalazinoak, lan bideografikoak eta posterrak. Era berean, Gradu Amaierako Lanaren barruan ikasleek aurkeztu behar izan dituen 206 dosierrak be badagoz erakusketan. Obrak ez dira ikasleek egindako guztiak, aukeraketa bat baino. Dosierren kasuan, ostera, danak sartu ditue.

Gradu amaierako lanean egindako ikerketa teorikoa batzen dau ikasle bakotxak dosierrean. Alderdi praktikoa, ostera, landutako eremuaren arabera modu desbardinean gauzatzen da. Arlo biak, praktikoa eta teorikoa, ikusteko modua emoten dau EHUk Bilboko erakusketan.

2015-2016 ikasturtean, 206 ikaslek eskuratu eben titulua EHUko Arte Eder fakultadean. Horreen artean, 94k Arteko Gradua lortu eben, 86k Sorkuntza eta Diseinuko Gradua eta 26k Kultura Ondareen Zaintza eta Zaharberritzeari buruzko Gradua. Fakultate horrek eskaintzen dituan hiru graduetan egiten diran lanen aukeraketea da, beraz, Bizkaia Aretokoa.

Natxo Rodríguez EHUko Arte Eder fakultadeko dekanordeak adierazo dauenez, Gradu Amaierako Lanen erakusketa honek Arte Ederretako ikasleen prestakuntzearen lehen fasea zarratzen dau, eta ganera publiko egiten ditu euren lanak. Ganeratu dauenez, sortzaile gazte horreen dedikazinoa eta talentua ikusarazo nahi dogu, onena emon dabe eta. Rodríguezek zehaztu dau, lan guztiak batzen dituan katalogoa laster izango dala prest. 2016ko Gradu Amaierako lan guztiak ikusi ahal izango dira hor, erakusketarako aukeratu diranak zein besteak.

2016/12/20 - 2017/01/05

Bilboko Bizkaia Aretoan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu