Bikain ziurtagiria jaso dau Guggenheim Bilbao Museoak

Bizkaie! 2016-12-19 10:18   Euskerea berbagai

Bikain ziurtagiria eskuratzea aurreko lan horren, azkenaldian euskera taldeak emondako bultzadearen eta Museoaren Zuzendaritzeak euskerearen hobekuntzearen alde egindako apustuaren ondorioa da.

Euskalit ebaluazino klubak sakon aztertu ditu erakundearen komunikazinoa eta irudi korporatiboa, kanpo eta baruko hartu-emonak eta hizkuntza kudeaketea, eta ondorioz Eusko Jaurlaritzeak Bikain ziurtagiria, zilar kategorian, emon deutso Guggenheim Bilbao Museoari. Aztertzaileek Museoak arte garaikide gaietan euskerazko corpus zabala sortzeko egindako ahalegina azpimarratu dabe txostenean; era berean, euskerearen ondarea osotzeko egindako ikerketea, sortze eta batze lana be balorau ditue.

Euskerearen kudeaketea oinarrizko helburua da Museoak 1997an ateak edegi zituanetik. Bikain ziurtagiria eskuratzea aurreko lan horren, azkenaldian euskera taldeak emondako bultzadearen eta Museoaren Zuzendaritzeak euskerearen hobekuntzearen eta langileen sensibilizazinoaren alde egindako apustuaren ondorioa da.

Kontuak kontu, Museoko euskara taldeak jasoko dau saria, lehendakari Iñigo Urkullu Lehendakariaren eskutik, gaur, abenduaren 19ko ekitaldi ofizialean, Donostiako Kursaal jauregian 18:30ean.



Astelehenean Lagunentzako ateak zabalik jardunaldia ospatuko dau Guggenheim Bilbao Museoak

Lagunek, 16.000 persona baino gehiagok, eraikinaren zirrikituetarako bisitaldi bereziez, antzerkiaz, gaur egungo jantzaz, musikaz, umeentzako tailerrez eta argazki proposamenez gozetako aukerea izango dabe.

Abenduaren 19an, astelehena, Lagunentzako ateak zabalik jardunaldia ospatuko dau Guggenheim Bilbao Museoak 16:30etik 20:30era; holan, hasierea emongo deutso Gabonetako jarduera eta ekitaldi anitzen egitarauari. Erakusketen diseinuaz arduratzen dan taldearen lan egiteko modua eta erakusketa baten antolaketearen nondik norakoak jakiteko interesa dabenek 17:00etako eta 18:15eko bisitaldietara joateko aukerea izango dabe. Ordu horreetan be, beste bisita bi izango dira, publikoarentzat zarratuta egoten diran Museoko guneetatik: klimatizazinoa, suaren konrako babes sistema eta argiztapena. Era berean, beste talde batek, hamalau artelan teknologiko aztertzeko aukerea izango dau; Museoak artelan horreek ikertu eta artatuko ditu 2017an, eraikinaren XX. urteurrenagaitik.

Arratsalde horretan Museoak Lagunei omenaldia egingo deutse, ia hogei urtez oinarrizko babesa emon deutsielako; horretarako photocall bat atondu dau Atrioan, gura daben Lagun guztiek argazki baterako jar daitezan; irudiok horma irudi elektroniko handi baten ipiniko dira, Atrioan bertan.

Lagunek Cervantesen eta Shakespeare-ren heriotzearen laugarren mendeurrenean bi idazleei omen egiten deutsien proposamen bigaz gozetako aukerea izango dabe: El Vizcaíno fingido eta El retablo de las maravillas Cervantesen entremesak, ironiaz eta ekintzez betetako lan bi, antzeztuko ditu Corrales de Almagro konpainiak XVI. mendeko gaztelanian 18:00etan Entzungelan. Mikro-Shakespeare, barriz, antzerki-mikroinstalazinoak dira, txikiek objektuakaz olgau eta Hamlet, Romeo eta Julieta, Macbeth Ekatxa eta beste lan batzuk antzeztu ahalko ditue Kataluniako Laitrum konpainiaren eskutik. Atrioan izango da jarduera hori, 17:00etatik 19:00etara.

Museoaren Lagunen seme-alabek tailer dibertigarri bi eta gozoez gozetako aukerea izango dabe: Planeta Gominola tailerrean gominolak erabiliz planeta bat sortuko dabe, Lurra jan nahi dauen munstro baten ipuina oinarri hartuta; Goxoki Herrian gailetak erabiliko ditue uri bat egiteko eta tailerraren amaieran jateko hartuko dabe. Tailerrak 17:15etik 18:45era izango dira Museoko hezkuntza aretoetan.

Atrioan musika eta jantza ikuskizuna eskainiko dau Organik konpainiak, Ahariak eta Irrintzi lanak interpretauta, 19:00etan eta 19:45ean. 

Jardunaldia amaitzeko, 20:00etan, Udal Txistu Bandeak eta Euskeria Abesbatzak alkarregaz jo eta abestuko ditue Gabonetako kanta batzuk.

Jardunaldi osoan, Museoaren XX, Urteurrena zoriontzeko aukerea izango dabe Lagunek; horretarako informazino-mahaiko Gabon txartelak bete beharko ditue. 18:30 baino lehen emondako txartel guztien artean, Veneziarako bidaia bat zozketatuko da, Viajes Mundo Amigoren lankidetzari esker. Era berean, arratsalde osoan, edariak eta kafea eskainiko dira Coca-Cola-ri eta illycaffè-ri esker.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu