Etxahun Lekue, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako irabazle

Bizkaie! 2016-12-19 08:19   Bertsolaritzea

Xabier Amurizak jantzi deutso txapela larrabetzuarrari. Maila oneko finala izan da Miribillakoa eta, Lekuegaz batera, Xabat Galletebeitia heldu da buruz burukora.

Etxahun Lekue, txapelduna (argazkiak: Bizkaiko Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Zortzi finalisten artean, final gehien jokatu dituana da Lekue, zortzigarrena izan dau honako hau. Oraingoan ez dau hutsik egin eta behetik gorako saioa eginda irabazi dau lehenengoz Bizkaiko txapela. Ganerako bertsolariek be jakin izan dabe Bilbon batutako 4.150 entzuleak berotzen.

Saioa hasikeratik izan da maila onekoa. Zortziko Handiko ariketan, esaterako, gogoeta sakonak bota ditue bertsolariek. Zortziko txikian, ostera, umorera jo dabe eta entzuleek gogoz txalotu ditue bertsolarien ateraldiak. Hamarreko txikian be, umorea egon da bertsoaldi batzuetan, beste batzuek gai serioagoak aitatu dituen bitartean.

Hasikeratik, Xabat Galletebeitia nabarmentzen hasi da eta buruz burukoan egoteko puntuak pilotu ditu. Bakarkako ariketan biribildu dau bere lana, pazientea hil barri jakon zirujau hasibarriaren azalean. Bakarka, beste bertsolari batzuek be lan dotorea egin dabe. Nerea Ibarzabalen bertsoaldiak jaso dau txalorik gehien. Agintarien auto ofiziala gidatzen 35 urtez ibili dan txoferrak erretiroaren atarian pentsautakoak kantau ditu markinarrak.

Holan ba, buruz burukora pasau dira ordura arte puntu gehien batu daben biak. Galletebeitiagaz batera, Etxahun Lekue sartu da azken fasean. Larrabetzuarrak deseroso hasi dau finala, baina berotzen joan dan neurrian gero eta bertso ederragoak bota ditu eta txapela lortzeko hautagai nagusi bien lehian sartzeko nahikoa izan dau.

Buruz burukoan Lekue ibili da zuzenago eta zorrotzago eta Galletebeitiari aurrea hartu deutso (930 puntu lortu ditu larrabetzuarrak, lekeitiarrak 893,5). Azkenean, beraz, Lekuek jantzi dau txapela eta Galletebeitiak bigarren postuagaz konformatu behar izan dau. Une hunkigarria izan da Xabier Amurizak Lekueri txapela jantzi deutsanekoa.

Hirugarren lekua Jone Uriarentzat izan da (549,5 puntu). Ondoren, Onintza Enbeita (538), Ibon Ajuriagojeaskoa (535,5), Nerea Ibarzabal (534), Miren Amuriza (531,5) eta Beñat Ugartetxea (510,5) sailkatu dira. Finalistarik gazteenaren saria Nerea Ibarzabalek jaso dau. Lehenengoz kantau dau finalean markinarrak, baina ondo ibili da.

Finalisten adierazpenak:

Etxahun Lekue: Lehenengo fasean, asmau ez dodan sensazinoagaz geratu naz. Neure buruagaz haserretu naz une baten, kontzentrazino hutsak egin dodaz eta. Buruz burukorako neure izena entzun dodanean, bigarren aukera legez ikusi dot, ordura arte publikoari eta egon dan giro bikainari eskaini ez deutsedana emoteko. Belaunaldi aldaketea giro onean eta pixkanaka jazoten dabil Bizkaian.

Xabat Galletebeitia: Finala polita izan da eta neu be inozko gusturen egon naz oholtzan. Amesik onenean be ez neban pentsauko honaino helduko nintzanik.

Jone Uria: Finalean sartzea kostau jat, gero gustura egon naz. Lehenengo aldiz urduri egon naz, buruz burukorako nire izena esango ete eben.

Onintza Enbeita: Ilusinoa egiten deust Etxahunek irabazi dauelako. Podiumean sartzea izan da nire asmoa, ez dot lortu, baina pozik nago halandabe. Gerrea emoten segiduteko pilak kargau dodaz.

Ibon Ajuriagojeaskoa: Gustura egon naz, finala luzea da eta danetarik izaten da, baina pozik nago. Batez be, txapelketa guztian egindako lanagaitik nago gustura.

Nerea Ibarzabal: Urduri egon naz, finalaren presinoa nabaritu dot. Baina jakin dot nahi izan dodana zer dan: Idea bat, bertso bat, amaiera zorrotz bat... entzuleak gogoratuko dauen detaileren bat ixtea, eta lortu dodala uste dot.

Miren Amuriza: Giro itzela egon da, baita finaliston artean be. Final hau ikasgai bat izango da niretzat, beste kapitulu bat nire ibilbidean.

Beñat Ugartetxea: Gustura nago, hasikeran saioan sartzea kostau jatan arren. Batez be, Etxahun Lekuek lortu dauenagaitik pozik nago.

Maite Berriozabal eta Amaia Ugalde gai-jartzaileak; eta zortzi finalistak
Xabier Amuriza Lekueri txapela janzten
Ikusleak, Miribillako harmailetan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu