Azken egunak Bilbao Mendi Film Festivalen

Bizkaie! 2016-12-15 09:23   Kulturea

Egunari amaierea emoteko, Sir Chris Bonington mendizaleari omenaldia egingo jako WOP saria emonez, izan be, mendiaren inguruko baloreen aldeko jarrerea erakutsi dau beti. 82 urte baditu bere, oraindino jardunean dirau.

Bilbao Mendi Film Festivaleko 9. edizinoa aurrera doa eta barriro be mundu mailako mendi zinemaldi onenen artean dago. Holan dinoe konbidadu eta protagonistek, bai bertokoek, besteak beste, Jon Garaño zuzendariak (epaimahaikide) edota Mikel Sarasola kirolariak (zuzendaria eta protagonistea); baita atzerritarrek, Pawel Wysoczanski zuzendari poloniarrak, Paul Bride argazkilari kanadarrak edota Jennifer Jordan zuzendari estadubatuarrak.

Pelikulez gan, eguen honetan argazki erakusketen bisita gidatuak egingo dira; goizeko 10:00etan, Rekalde Aretoan, Jose María Alvarez argazkilariak bere erakusketea Olas de hielo egiteko erabilten dituan teknika bereziak azalduko ditu.

Arratsaldeko 16:00etan, Zabalgune eraikinean, Eñaut Izagirrek Incognita Patagonia espedizinoaren argazki erakusketearen bisita gidatua egingo dau. Proiektu hau National Geographikegaz batera eroan dau aurrera, Gazte ikertzaileen bekea eskuratu ondoren. Gaur proiektu eta espedizino hau hurretik ezagutzeko aukerea egongo da.

Horrezaz gan, epaimahaikideek bere erabagia ezagutzera emongo dabe zapatuan 19:30ean. Ordu horretan domkako programazinoa argitaratuko da, pelikula irabazleak proiektatu diraneko non stop saioak.

Eguena 15, 17:00etan ondorengo filmak proiektauko dira:

Mira: Korrikalari arrakastatsua izatera heldu nahi dauen gazte nepaliarra da Mira. Nepalgo neskek jasaten dituen oztopoen gainetik, ames hori bete ahal izateko gainditu behar izan ditaen erronka guztiak kontetan ditu gazte honek.

Solo Base: David Fusté eta Turko eskalatzaileek hegan egitea dabe ames, eta hori gauzatze aldera BASE jauzilari bihurtuko dira, paraxuta dabelarik segurtasunerako tresna bakar. Davidek natura eta animaliakazko dauen errespetua be agertzen dau, inguruan dauenaren parte izanez antolatuz bere bizimodua. David Fusté, protagonistea, gure artean izango da.

Arratsaldeko 19:30ean:

Common Ground: Hansjörg Auer, Jacopo Larcher, Siebe Vanhee, Iker Pou eta Eneko Pou eskalatzaileek Siberiara bidaiatu eben 2015eko garagarrilean Chukotka lurralde igeskorra esploretako asmoz. Eskalada bide barriak bilatu eta zabaltzea da euren asmoa. Maila teknikoan ezaugarri desbardinak dituen bost eskalatzaile batu egingo dira horma handiakazko daben pasinoa konpartiduteko. Iker eta Eneko Pou izango dira, baita zuzendaria be, Jordi Canyigueral.

Jean Troillet, toujours aventurier: Jean Troilletek haren bizitzaren errepasoa egingo dau: 50 urte alpinismoari emona, 40 urte espedizinoak eginez, 30 urte Himalayan 8.000 metrotik gora eskalatuz... 27 konbidadu agertuko dira ezustean, bisitea egingo deutsie, anekdotak kontauko ditue, barre egingo dabe, isiltasun momentuak egongo dira, eta guztia buztartuz gizaseme libre eta gartsu baten iragana ezagutuko dogu, artean, 68 urtegaz, bardin jarraitzen dauena. Jean Troillet eta Sebastien Devrient, zuzendaria, bertaratuko dira.

Golemen kasuan, 18:00etan, The Mysteries eta Península Mitre filmeakaz gozetako aukerea egongo da. 20:00etan, Boys in the Bugs eta Airman lanen emonaldia izango da.

Festibala handitasunez amaitzeko, asteburua ekintzez nahiz izen handiko protagonistez beteta dator. Barikuan, 17:00etan ondorengoak ikusgai izango dira:

Guilt Trip: Salomon taldea errudun sentiduten da, munduan barrena bidaiatzen dau edur bila, eta bitartean klimea aldatzen dago. Groenlandiako gailur galdu batean eskietako asmoz eginiko espedizinora klimea aztertzen dabilen zientzialari bat konbidauko dabe. Itsas mailearen gorakadea ulertzen laguntzeko datuak batzea da helburua.

The Trail to Kazbegi: Lau abenturazale munduko mendilerro basatienetako batean sartzear juxtuko osogarriakaz: bakotxak norbere bizikletea eta 10 egunez bizirauteko aina janari. Zer pasau daiteke? Bide horretan adiskidetasun loturak sortuko dira, eta argi geratuko da bizitza, mendian, beste edonon baino hobea dala.

4634 Perception: Bere ikuspunturik basatienaren bila, Géraldine Fasnacht-ek wingsuit-aren mundua irauliko dau jauzitik harago hegan eginez. Zer behar da altura barrietara iheltzeko? Hegan egiten daben horreei buruz ustez dakiguna guztiz apurtuko dau Géraldinek. Géraldine Fasnacht presente izango da.

19:15eko saioan:

Operation Moffat: Gwen Moffat-en bizitzea kontetan dau film honek, mendiko gidari izaten lehen emakume britainiarra. Gwenek bere paisaje gogokoenetakoak erakutsiko ditu. Nahiago ditu mendiak personak baino, eta abenturea segurtasuna baino. Claire Carter zuzendaria aretoan izango da.

Tom: Tomek 6 urte baino ez zituan haren ama, Alison Hargreaves eskalatzaile britainiar ezaguna, K2an hil zanean. Halan da be, bizitza osoa eskaini deutso mendizaletasunari. Haren azken helburua Alpeetako sei ipar hormak eskaletea da, oraindaino inork egin bako erronkea. Angel Esteban eta Elena Goatelli zuzendariak bertan izango dira.

Golem Zinema aretotan, 18:00etan, The Highway eta Samuel in the clouds ikusi ahal izango dira, eta 20:00etan, Solo Base eta 3000 Cups of Tea.

Zapatuan, 11:00etan, lehiaketaz kanpoko filmeen txandea izango da: Incógnita Patagonia, Akabuko Martxea eta Mendi short lehiaketa amateurraren irabazlea emitiduko dira.

15:00etan, sail ofizialeko filmeetara itzuliko gara:

Last Base: Aita izateko puntuan dagoan BASE jauzilaria da Joachim, eta horregaitik azken saltoa bere lagunik onenagaz, Øyvind-egaz, konpartidu nahi dau. Ekatxa datorrenean, ostera, bien arteko adiskidetasuna kinka larrian jarriko da, Øyvind-ek itzuli egin nahi dauelako eta itxuraz ez baitago Joachim gerarazoko dauenik.

E.B.C. 5.300m: Everesteko oinarriko kanpalekua urtero bi hilebetean muntau eta desmuntetan da. Gidariak, sukaldariak, konbidaduak… batuz, 1000 bat lagun batu daitekez ertan. Oinarriko kanpalekuko bizitzea erakusten dau film honek, eta turismo mueta hori kontroletako premineaz hausnarketea eragin nahi dau.

Imaginador: Euskal Herriko eta Pirinioetako paisajeak ondo ezagutzen dituanik bada, hori Santi Yañiz da. Bi pasino ditu berak: mendia eta argazkilaritzea. Eta horreetan bietan oinarritutako bizi filosofiaren inguruko hausnarketak eta irudiak batu ditu bere ibilbide profesionalean. Santi Yaniz bera eta Xabier Zabala, zuzendaria, bertaratuko dira.

Paddle for the north: Kanadako erreka galduenetakoak esploretako asmoz abentura bidaian sartuko dira sei gazte. Lehen Nazinoetako familia baten istorioek, barriz, harri eta zur itxiko ditue. Peel Watershed eremuari buruzko eztabaidea ingurumena babestetik harago bizimodu baten inguruko eztabaidea dala jaubetuko dira.

17:15ean:

Freedom Under Load: Tatras mendietako zamaketarien azken belaunaldiari buruzko lana. Zergaitik hautatu eben bizimodu hori, eta zergaitik jarraitzen dabe Europako azken Mohikanoak izaten. Eta bide batez, leitekeana da gutako bakotxak aldean daroagun zamaz zeozertxu deskubridutea.

I forgot myself somewhere: Baltistan-eko bi emakumek hezkuntzea izateko eta bizitzan aurrera egiteko burrukatu behar dabena eskainiko deuskue. Baina bestalde, horrek kontra egiten dau euren idiosinkrasiagaz. Iker Elorrieta zuzendaria eta Alberto Sota produktorea eszenatokian izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu