Bertso Eguna egitasmo ibiltari bihurtuko da 2018an

Bizkaie! 2016-12-14 12:56   Bertsolaritzea

Hurrengo edizinoa, 2017koa, ez da egingo. 2018an, ostera, aldi barri bat hasiko dau Bertso Egunak eta Donostiatik Euskal Herri guztira zabalduko da.

2016ko Bertso Eguneko une bat (argazkia: Euskal Herriko Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak emondako azalpenaren arabera, egitasmoek zikloak daukiez eta egokitzapenak zein arnasaldiak beharrezkoak dira aurrera egiteko. Une horreetako baten dago Bertso Eguna. Izan be, orain arteko zikloa zarratu eta barri bati ekin nahi deutso Bertsozale Alkarteak.

Gogoetarako tartea hartuko dabe Bertso Egunaren inguruko eragileek eta horren lehenengo ondorioa nabarmena da: 2017an ez da Bertso Eguna ospatuko. Azken urteotan urtarril bueltan egiten izan da bertsogintzearen topagune dan jaialdi hori.

Aldi barriak ekarriko dauen aldaketa nagusia izango zera da, 2018tik aurrera Bertso Eguna ez dala urtero leku berean egingo. Euskal Herriko txoko ugari bisitauko dituan ekimen ibiltaria izango da. Orain arte, beti Donostian egin izan da baina, aurrerantzean, urte bakotxean herri baten ospatuko da. Holan, eskualdez eskualde eta herrialdez herrialde ibiliko da, Bertsozale Alkartearen lurraldetasun erespideagaz bat eginaz.

2017an Bertso Egunik egongo ez dan arren, Bertsozale Alkarteak dino hasi dala 2018rako zereginak aurreratzen. Jaialdia ospatzeko lekuaren bila dabil eta egun horretako gai nagusia zein izango dan zehazten be hasi da. Dateari jagokonez, ez da aldaketarik espero eta urtarrileko azken asteburuan egitea da asmoa, orain arteko moduan.

Bertso Eguna Euskal Herri guztiko bertsolari eta bertsozaleen hitzordu nagusietako bat da. Orain dala 47 urte hasi ziran antolatzen eta tarte horretan formatu aldaketa batzuk izan ditu. Esate baterako, 1995era arte, urtero bertsolari handi bat omentzen zan Bertso Egunean. Ordutik aurrera, ostera, saio esperimentalak eta tematikoak landu dira. Bertso Egunaren aldi barriak zer dakarren, 2018ko urtarrilean ikusiko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu