Musikeak gizartean dauen eragina aztertu dau Josu Larrinagak

Bizkaie! 2016-12-06 12:27   Musikea

Euskal musika kosmikoak liburua plazaratu dau, Baga-Biga argitaletxearen eskutik, 1960ko hamarkadatik hona gizartearen eta euskal musikearen arteko alkarreraginaren inguruan.

Josu Larrinaga, Durangoko Azokan | Ikusi handiago | Argazki originala

Gizarteko unean uneko kezken erakusgarri da musikea eta, sarritan, musikea bera be gizartearen norabidea aldatzeko gai da. Horixe da Josu Larrinagak bere liburuan atera dauen ondorio nagusietako bat. 1960tik aurrera, euskal musikagintza barriak euskal identidade barri bat eregiten lagundu ebala ikusi dau.

Berak orain dala urte batzuk aurkeztutako doktore tesian oinarritu da Larrinaga, Euskal musika kosmikoak idazteko. Tesiko edukiak eta ondorioak dira liburuaren ardatza, baina beste eduki batzuk be sartu ditu. Funtsean, musikearen historia soziala aztertu dau, modu kronologiko baten. Aztertu dot, gizartea eta musikea zelan aldatu diran 1960tik hona, azaldu dau autoreak. Euskal identidade barri bat sortzeko musikeak izan dauen eragina 1960ko hamarkadatik datorrela uste dau. Kontrakulturala da, batez be, hemengo izakera barria, euskal musikeak izan dauen eraginagaitik, ondorioztatu dau.

Historia kronologikoaz gan, euskal musikagintza modernoan funtsezkoak izan diran talde eta musikariak aztertu ditu, banaka: Oskorri, Ez Dok Amairutik urtendako abeslari nagusiak, Hertzainak, Itoiz eta abar. Liburuaren amaieran, tesiko eta liburuko kontzeptuei testuinguru teorikoago bat emoteko azalpenak batu ditu, modu akademikoago baten.

Euskal musika kosmikoak liburua idazteko, iturri ugari erabili ditu Larrinagak. Batetik, diskoak, fanzineak eta abar aztertu ditu. Bestetik, kontzertu piloa entzun dau, berez ni oso musikazalea naz, euskal musika asko entzuten dot. Alkarrizketak be egin ditu, euskal musika garaikidearen inguruko eretxiak batzeko. Kazetariak, idazleak eta beste alkarrizketatu ditu, baina musikariak ez. Pare bat salbuespen badagoz, baina musikariei ez deutset alkarrizketarik egin, eurek barrutik bizi dabelako, beste ikuspegi bat daukie eta nik ez dot hori nahi izan, zehaztu dau Josu Larrinagak.

Azken mende erdian euskal musikeak izan dauen bilakaerea eta horrek gizartean ekarri dituan aldaketak ezagutzeko liburu aproposa da Euskal musika kosmikoak, musikearen bidez gure historiaren eta identidadearen barri izateko giltzarriak emoten dira eta. Durangoko Azokan aurkeztu dau Josu Larrinagak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu