Barrikuntza ugari izango ditu 3. Loraldia Festibalak

Bizkaie! 2016-12-06 12:04   Kulturea

2017ko martiaren 7tik apirilaren 8ra egingo dabe euskal kulturearen jaialdi horren hirugarren edizinoa. Loraldia Eskola eta Lorazaina kanpainea izango dira nobedadeetako batzuk.

Goizalde Landabaso eta Imanol Agirre | Ikusi handiago | Argazki originala

Durangoko Azokan, Landako Guneko areto nagusian, Imanol Agirre Loraldiko zuzendari artistikoak 2017ko edizinoko aurrerapena egin dau, Goizalde Landabaso kazetariak gidatutako solasaldian. Aurrekoek baino ikuskizun gehiago izango dira hirugarren aldi honetan eta euskal kultureari ate gehiago zabaltzeko lanean,  barrikuntzea bilatuko dabe.

Loraldia Eskola ekimen hezitzailea nabarmendu dau Agirrek nobedadeen artean. Bilboko Urretxindorra eta Deustua ikastoletako ehun ume inguruk pastoral garaikide bat sortu eta antzeztuko dabe. Era berean, Lorazaina kanpainea martxan ipiniko dabe, Loraldiaren babesle edo laguntzaile izan nahi dabenei zuzenduta. Izena emoten dabenek, Loraldiaren informazino zehatza jasoteko, sarrerak merkeago erosteko eta bestelako jarduera, txango eta zozketetan parte hartzeko aukerea izango dabe.

Ikuskizunei jagokenez, aurreko urteetan baino proposamen gehiago batzea da Loraldiko antolatzaileen asmoa. Estreinaldi biren aurrerapena egin dabe. Batetik, Ez Dok Hiru konpainiaren antzezlan barria hartuko dau Loraldiak. Produkzino horretan, euskal musikea modu umoretsuan berrikusiko dabe antzezleek. Bestetik, Arriaga antzokiagaz alkarlanean, striptease-aren ganeko lan bat taularatuko dabe Mireia Gabilondok, Jokin Oregik, Fernando Bernuesek eta Garbi Losadak.

Musikearen arloan, askotariko emonaldiak egongo dirala azpimarratu dau Imanol Agirrek: Mikel Laboaren unibersora bidaiea, euskal abestien kontzertu sinfonikoa, Mikel Urdangarin, jazza... Jantzeari jagokonez, Kukai taldearen 15. urteurreneko ikuskizuna nabarmendu behar da.

Euskal kultura garaikidea bultzatzeko eta ikustarazoteko sortutako egitasmoa da Loraldia. Bilbon eta udabarrian loratzen dan ekimena da. Lehenengo edizinoan, antolatzaileek urtero egiteko asmoa agertu eben eta badirudi agindutakoari eutsi deutsiela, dagoeneko hirugarren edizinoa ia prest dago eta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu