Etxahun Lekuek irabazi dau Larrabetzuko finalaurrekoa

Bizkaie! 2016-12-05 08:21   Bertsolaritzea

Honeek izango dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean: Jone Uria, Beñat Ugartetxea, Etxahun Lekue, Ibon Ajuriagojeaskoa, Miren Amuriza, Onintza Enbeita, Xabat Galletebeitia eta Nerea Ibarzabal.

Etxahun Lekue, Larrabetzun (argazkia: Bizkaiko Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Finala baino ez jako geratzen aurtengo txapelketeari. Izan be, asteburuan jokatu da hirugarren eta azken finalaurrekoa, Larrabetzuko Udal Pilotalekuan. Bertan, herriko bertsolari bat, Etxahun Lekue, izan da epaileen eretxian onena. Saio dotorea egin dau larrabetzuarrak eta 527 puntu lortu ditu.

Bigarren eta hirugarren sailkatuei be puntuazino altua emon deutsie eta finalerako txartela lortu dabe: Ibon Ajuriak 507,5 puntu eta Miren Amurizak 504,5. Atzerago geratu dira Mikel Goiriena (439,5), Ander Elortegi (434) eta Julen Erezuma (410,5).

Saioa motel antzean hasi da hamarreko handiko ariketan eta, horregaitik, entzuleei kostau egin jake berotzea. Halandabe, bertso eta idea polit batzuk entzun ahal izan dira lehenengo ofizio horretan. Zortziko txikian, ostera, umore gehiago egon da eta publikoak txalo gehiago joteko aukerea izan dau. Batez be, Miren Amurizak eta Ibon Ajuriagojeaskoak egindako ofizioa aitatu behar da, umore ona eta berba joko politak eskaini ditue eta. Amaitzeko, hamarreko txikian be, bertsoaldi onak josteko ahalegina egin dabe bertsolariek, finalean sartu ahal izateko puntuen bila.

Ondoren, banakako txandea heldu da. Autotik bajatu eta zuzen etorri da zugana, estu besarkatu zaitu, izan da hiruna bertso botetako gaia. Ajuriagojeaskoa, Lekue eta Amuriza nabarmendu dira hor. Puntuen aldea estua izan dan arren, azkenean Lekue izan da saioko irabazlea.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala abenduaren 17an, zapatua, jokatuko da, Bilboko Miribilla kiroldegian. Hiru finalaurrekoetako irabazleak eta puntuazinorik altuena lortu daben beste bostak sailkatu dira. Lehenengo aldiz kantauko dau Nerea Ibarzabal markinarrak eta, aurreko edizinoan huts egin eta gero, barriro finalean izango dira Beñat Ugartetxea, Ibon Ajuriagojeaskoa eta Miren Amuriza. Beste laurak, Jone Uria, Onintza Enbeita, Xabat Galletebeitia eta Etxahun Lekue, aurreko txapelketako finalista izan ziran.

Badauka bitxikeria bat aurtengo txapelketeak. Izan be, txapeldun barria egongo da. Finalean egongo diranetatik bat be ez da sekula Bizkaiko txapeldun izan. Aurreko urteetako beterano batzuk (Arkaitz Estiballes, Igor Elortza, Fredi Paia...) ez dira aurkeztu. Finalerako sarrerak salgai dagoz dagoeneko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu