PuntuEUS-ek euskerazko url laburtzailea plazaratu dau

Bizkaie! 2016-12-02 11:42   Euskerea berbagai

Webguneetako estekak laburrago bihurtzeko balio dau Labur.eus-ek. Domeinu izenen inguruko Whois.eus tresnea be badakar PuntuEUS-ek, Euskerearen Egunaren harira.

Bai Labur.eus eta bai Whois.eus be, euskeraz dagozan era horretako baliabide bakarrak dira. PuntuEUS Fundazinoak azaldu dauenez, Euskerearen Egunean sareratuko diran aplikazino bion originaltasun nagusia, hain zuzen, euskeraz egotea da. Normalean ingelesez edo beste hizkuntza handi baten egoten dira era horretako tresnak. Euskerea ingurune digitalean ikusgarri, baliagarri eta erabilgarri egitea da gure misinoa, azaldu dau PuntuEUS-ek.

PuntuEUS-en bigarren urteurrenagaz eta Euskerearen Nazinoarteko Egunagaz bat eginaz plazaratuko ditue tresna biak, abenduaren 3an. Kode edegian dagoz, ganera. Hortaz, edonoren eskura dago aplikazino horreen atzean dagoan kodea.

Labur.eus webguneen estekak edo loturak laburtzeko tresnea da. Batzuetan, esteka bat idazteko orduan, luze-luzea geratzen da eta, horregaitik, era honetako aplikazinoak aspalditik erabilten dira sarean. Aurrerantzean, zerbitzu hori euskeraz be egongo da, beste hizkuntza batera jo beharrik barik. Sasoi baten, ttiki.com egon zan, baina dagoeneko ez dabil zerbitzu hori. PuntuEUS-ek Dinahosting taldeagaz batera garatu dau Labur.eus. Polr-2-n oinarrituta dago eta GNU GPL lizentzia dauka.

Whois.eus, ostera, webgune eta domeinu izenei buruzko informazinoa eskuratzeko tresnea da. Zerbitzu publiko legez aurkeztu dau PuntuEUS-ek. Edozein domeinu izenegaz erregistrautako webguneen ganeko datuak eta eskuragarritasuna emoten ditu aplikazinoak. Ezagutza teknikorik ez daukienek domeinu baten ganeko informazinoa lortu ahal izan daien diseinau dabe. Esaterako, domeinu izen bat libre dagoan ala ez jakiteko erabili leiteke.

Ganera, PuntuEUS Fundazinoak iragarri dau, Euskerearen Eguna dala eta, promozino berezia martxan ipini dauela: Egunotan, 9,95 euroan eskuratu leiteke .eus-dun domeinu bat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu