Korrikaren mahai-jokoa aurkeztuko dau AEK-k Durangoko Azokan
2016-11-30 09:17 Euskerea berbagaiLau eta sei urte bitarteko umeentzako joko horretan, 20. Korrikaren ibilbidea irudikatzen da eta, horren bidez, Euskal Herriagaz lotutako kontzeptuak ikasten dira.
AEK-gaz batera, Elkar eta Katxiporreta etxeek bultzatu dabe Korrikaren mahai-jolasa. Benetako Korrikan modura, jolas honetan be Euskal Herrian zeharreko bidea osotu beharko dabe parte-hartzaileek. 20. Korrikako ibilbidea hainbat zatitan banatuta agiri da jokoan eta, aurrera egin ahala, zati batetik bestera pasauko dira parte-hartzaileak, amaierara heldu arte.
Jolas kooperatiboa dala ziurtatu dau AEK-k. Helmugara heltzeko, Euskal Herriko ohitura, geografia eta kulturearen ganeko hainbat galdera erantzun beharko ditue parte-hartzaileek eta, beraz, ikasteko be balio dau. Helburua, umeek ondo pasetea da, Euskal Herriaren ganeko kontzeptuak ezagutzen dituen bitartean. 4 eta 6 ume bitarteko umeentzat aproposa da, lagunartean zein eskolan olgetako. Julen Tokerok egin ditu irudiak.
AEK-ren eta Aizu!-ren erakusmahaia Goienkaleko 76. zenbakian egongo da aurtengo Durangoko Azokan. Bertan eskuratu ahal izango da Korrikaren mahai-jolasa. Ganera, stand horretan 20, Korrikaren materiala egongo da salgai, baita Aizu! aldizkariaren aleak eta AEK-ren beste argitalpen batzuk be.
Korrika Laguntzaile izateko deia be zabaldu dau AEK-k. Korrika eta AEK babesteko modu bat da Korrika Laguntzaile bihurtzea, 12 euroren truke. 10.000 laguneko sarea da, gitxi gorabehera, eta handitu egin nahi dabe. Laguntzaileak Korrikaren zutabeetako bat dira, dinoe AEK-koek. Durangoko Azokan Korrika Laguntzaile egiteko aukerea izango dabe nahi daben guztiek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!