Ohorezko Lauaxeta Saria, Joxe Anjel Iribarri eta Bizkaiko euskaltegiei
2016-11-29 13:46 Euskerea berbagaiEuskerearen Egunaren bueltan emoten ditu sariok Bizkaiko Foru Aldundiak. Abenduaren 2an, barikua, omenduko ditue Iribar eta euskaltegiak, Foru Jauregian.
Sariaren bidez, era publikoan autortu nahi dira euskerea eta euskal kulturea bultzatu, zabaldu eta normalizetako lanean dabilzan norbanako eta eragileak, Bizkaiko Foru Aldundiak ohar baten azaldu dauenez. Esteban Urkiaga, Lauaxeta, olerkari bizkaitar handiaren omenez dauka izena Euskerearen Nazinoarteko Egunaren harira emoten dan sari horrek. Aurten, zapatua da abenduaren 3a, Euskerearen Eguna, eta hortaz, bezperara aldatu dabe ekitaldia.
Norbanakoen atalean, Joxe Anjel Iribar Athletic-eko atezain ohiari emongo deutsie 2016ko Ohorezko Lauaxeta Saria. 1960 eta 1970eko hamarkadetan Athleticen ikur nagusia izan zan Iribar, bai taldearen atea jagoten egin eban lan bikainagaitik eta baita gizarteagaz eukan konpromisoagaitik be. Gizartearen alde Iribarrek egin dituan ekarpenen artean, beti egon da euskerea bultzatzeko ahalegina. Besteak beste, kirol hiztegi bat euskeraz argitaratzen lagundu eban, euskerearen normalizazinoa hastapenetan egoanean. Euskerearen aldeko makina bat ekimen babestu izan ditu eta, Athleticen bidez, euskerea gizarteratzeko proiektuen parte izan da.
Beste alde batetik, taldekako Ohorezko Lauaxeta Saria Bizkaiko euskaltegiek jasoko dabe aurten. Euskaltegien sare zabala dago Bizkaian, hainbat hamarkadatan norbanako eta talde askok egindako ahaleginari esker. Ondorioz, milaka euskaldun barri irabazi ditu Bizkaiak urteotan. Sarritan lan militantean oinarrituta, aurrera egin dabe euskaltegiek eta Bizkaia euskaldunago bat eregiteko lanean euren aletxua ipini dabe.
Bestetik, poesiaren eta ikus-entzunezkoen ataletako Lauaxeta Sariak nori emongo deutsazan be aurreratu dau Bizkaiko Foru Aldundiak. 35 urtetik beherakoetan, poesian, Garazi Ugalde Pikabeak irabazi dau, Morfologiak poema-sailagaitik. 35 urtetik gorakoena, ostera, Juan Kruz Igerabiderentzat izango da, Lainoa janez lanari esker.
Ikus-entzunezkoen saria Hannot Mintegiari emongo deutsie, Markak dokumentalagaitik. 1937ko Gernikako Bonbardaketeak hango biztanleakan itxitako aztarnen ganeko filma da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!