Euskerearen Egunerako adierazpen bateratua adostu dabe erakunde publikoek eta euskalgintzeak
2016-11-25 13:50 Euskerea berbagaiZer egin dezaket nik euskararen alde? izeneko agiria erkidegoko erakunde publikoek, Legebiltzarrak eta euskalgintzako eragileek sinatu dabe.
Abenduaren 3a da Euskerearen Nazinoarteko Eguna eta data horretan, Bilboko Guggenheim Museoan, irakurriko dabe adierazpen bateratua, goizeko 11:30ean. Ekitaldi horretan hainbat erakunde eta eragiletako ordezkariak izango dira.
Hakoba erakundearen ekimenez sortu da testu bateratua. Hakoban dagoz Eusko Jaurlaritzea, EAEko hiru foru aldundiak, uriburuetako udalak, Eudel eta UEMA. Ganera, testuagaz bat egin dabe 500 eragile inguruk. Tartean dagoz Kontseilua, AEK, Euskaltzaleen Topagunea eta abar. Horrezaz gan, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritzea daben bost taldeek be (EAJ, EH Bildu, Podemos, PSE-EE eta PP-k) bat egin dabe. Zerrendea zabalik dago atxikimendu gehiago sartzeko, hemen.
Lehenengo aldiz onartu da erakunde publikoen eta gizarteko eragileen holako babes zabala daukan adierazpen bat euskerearen alde. Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikako sailburuordea buru dala egin da testuaren aurkezpena Bilbon eta alkarlanaren eta adostasunaren alde egin dau. Pausuak egiteko bidea horixe dala azpimarratu dau Baztarrikak, eta jasotako atxikimenduak be norabide horretan doazala.
Testuaren izenburua (Zer egin dezaket nik euskararen alde?) herritarrei zuzentzen jake, bakotxak bere buruari galderak planteau eta gogoetea egiteko. Danok egin geinke zeozer, kontua ez da besteari esatea zer egin behar dauen, ezpada norberak zer egin ahal dauen esatea, nabarmendu dau Patxi Baztarrikak, galdera aktibo eta aktibatzailea da. Alde horretatik, askotariko errealidadeak dagozala gogoan hartu dabe, herritar guztiek ez dabe bardin bizi euskerea. Gizartearen pluraltasuna erakusten ahalegindu gara, adierazo dau sailburuordeak.
Bardintasuna, bizikidetzea eta adostasuna izan dira helburuak. Baztarrikak onartu dau, beharbada batzuek gehiago nahi izango dabela, baina adostutako adierazpenagaz, behintzat, danak eroso egotea bilatu da. Gizartean hizkuntzen arteko bardintasun soziala lortzea oraindino helburua dala gogoratu dau sailburuordeak.
Euskerea hizkuntza erabilia eta bizia izateko lanean, guztion gogoa eta ahalegina behar dirala dino adierazpenak. Horregaitik egiten deutse dei kolektiboei eta norbanakoei, herri aginteei, alderdi politikoei, alkarteei eta abar.
Onartutako adierazpena, osorik, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!