'Bermeoko txistulariak, musikarako grina' disko bikotxa kalean da

Bizkaie! 2016-11-24 12:53   Musikea

Larrinaga sendikoek bultzatutako Bermeoko txistulari taldearen grabazino zaharrak batu ditue Udalak eta Euskal Herriko Txistulari Alkarteak.

Esti Arrizabalaga, Aingeru Astui eta Iban Ibarretxe, CD bikotxaren aurkezpenean (argazkia: Bermeoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bermeoko txistulari bandea 1926an hasi zan, Eusebio Larrinagak eta haren seme bik, Juanek eta Iñakik, bultzatuta. Gero, beste semea, Polikarpo, batu jaken eta atabalean Tiburcioren laguntzinoa izaten eben. Larrinagatarrak ez ziran musikari profesionalak eta euren musika-tresnak eskuz egiten zituen. Halandabe, urte askoan bete eben Bermeoko txistularien zeregina eta disko asko kaleratu zituen, Udal Musika Bandeagaz alkarlanean.

Biniloetan gordeta egon dira orain arte txistularion grabazinoak. Bermeoko txistulariak, musikarako grina diskoan, hain zuzen, CD formatura ekarri dira hainbat binilotako piezak. 1961 eta 1964an grabautako biniloetan topautakoagaz, CD bikotxa osotu ahal izan dabe Bermeoko Udalak eta Euskal Herriko Txistulari Alkarteak. Azken erakunde horrek urtero plazaratzen ditu grabazino zaharrak CDan, eta aurten Bermeora jo dau material bila.

Biniloetako kantak birmasterizau ditue eta Juan Ramon Duquek testu batzuk idatzi ditu disko bikotxari laguntzeko. Grabazinoak errekuperetako orduan, Eresbilen laguntzinoa izan dabe diskoaren bultzatzaileek.

Lehenengo CDan 1964ko grabazinoak dagoz eta bigarrenean, 1961ekoak. Melodia  herrikoiak eta kanta ospetsu batzuk be badagoz (esaterako, Iparragirreren Gernikako Arbola). Arin-arinak, fandangoak, biribilketak, minuetoak, aurreskua, ezpata-jantzea eta abar ez dira faltau.

Aingeru Astui Bermeoko Kultura zinegotziak, Esti Arrizabalaga Udal Musika Eskolako zuzendariak eta Iban Ibarretxe CDaren koordinatzaileak aurkeztu dabe Bermeoko txistulariak, musikarako grina diskoa. Gure herriko musikearen historiaren zati bat batzen da hemen, dino Aingeru Astuik, gure herriko ondarea zabalduz.

Iban Ibarretxek azaldu dauenez, Larrinagatarrak 40 bat urtez ibili ziran txistua joten. Horri esker, lehiaketa bat baino gehiago irabazi zituen, 1944 eta 1960 artean. Musikarako grinari eta afizinoari esker izan zan hori, Ibarretxeren ustez. Izan be, ez ziran musikari profesionalak. Larrinagatarrek egurragaz lotutako negozio batetik ateratzen eben bizibidea.

Musika Bandeagaz alkarlanean, konposizino ugari estreinau zituen Bermeoko txistulariek. Iban Ibarretxek azaldu dauenez, bandako zuzendari Jose Antonio Erauskinek hainbat pieza konpondu eutsezen. Holan, 1965eko Bermeoko jaietako kalejiran, Mendirik mendi eta Arranbillote biribilketak estreinau ziran.

Diskoa hurrengo asteetan salgai egongo dala azaldu dau Bermeoko Udalak. Esti Arrizabalagak azpimarratu dauenez, modu horretara gure herriko kulturearen eta musikearen zati bat ezagutzeko aukerea izango dogu herritar guztiok.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu