Portugaleteko Nazinoarteko Otxote Jaialdia, hilaren 23tik 27ra bitartean

Bizkaie! 2016-11-22 09:18   Musikea

Era horretako nazinoarteko jaialdi bakarra da Portugaleteko FIOP. Aurten 17. edizinoa beteko dau.

Aztarnetatik barrikuntzara lelopean, zemendiaren 23tik 27ra egingo dabe zortzikote edo otxoteen topaketea, Portugaleteko lau eszenatokitan. Antolatzaileek dinoe programazino desbardin eta barritzailea preparau dabela. Nobedade nagusi bi egongo dira: Batetik, Txekiako ordezkariak konbidau dituela eta, bestetik, arte eszenikoen programazinoa sortu dabela.

Zortzi kantarik a capella abestutako kantak dira zortzikoteen oinarria. Horixe da, hain zuzen, Txekiako Vocal Ensemble Gentlemen Singer taldeak lantzen dauen estiloa. Euren emonaldiaren lehenengo zatian, musika erlijiosoa eta herrikoia kantauko dabe eta, bigarren partean, 2010ean plazaratu eben diskoko kantak. The Beatles Retrospection izenburua dauka diskoak. Antolatzaileek azaldu dabenez, Fair Saturday ekimenaren barruan dago txekiarren emonaldia eta sarrerakaz batutako dirua Caritasi emongo deutsie.

Beste talde askok be parte hartuko dabe FIOP jaialdiaren 17. edizinoan. Esaterako, lehenengo egunean, Las Carreras auzoko Muñatones zortzikotearen txandea izango da. 1959an sortu zan eta 1980tik darabil gaur egungo izena. Beraz, Bizkaiko otxote-talderik beteranoetako bat da. Donostiako Eguzki Lore taldeak be parte hartuko dau jaialdian. 1994an sortu zanetik, nazinoarteko hainbat biratan ibili da zortzikote hori. Bestalde, Portugaleteko kaleetan gora eta behera kantari ibiliko dira Baionako Errobi Kanta eta Reinosako La Pozona taldeak domekan.

Arte eszenikoen atalean, Otxoteszena izenburupean, antzerkia eta jantza garaikidea kantuagaz lotu nahi dabe antolatzaileek. FIOP jaialdiaren zuzendaria eta kantaria be badan Joseba Gotzonen idea baten oinarritu da programazino berezi hau. Besteak beste, Gabriel Gonzalezen koreografia eta Karla Pisanoren jantzea ikusi ahal izango da. Ganera, Krystinna Raducanu soprano errumaniarragaz batera kantauko dau Lur Maitea zortzikoteak. Itziar Gutiérrez eta Olga Martínez antzezleek gidatuko dabe ekitaldia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu