Jone Uriak irabazi dau Markina-Xemeingo saioa eta Miribillako finalean izango da

Bizkaie! 2016-11-21 08:25   Bertsolaritzea

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehenengo finalaurrekoa jokatu da asteburuan eta algortarrak ez dau hutsik egin.

650 entzule baino gehiago batu ziran zapatuan Markina-Xemeingo Uni frontoian, lehenengo finalaurrekoan. Bertsolariek maila oneko saioa eskaini eben, goia jo barik baina erregulartasun handikoa. Irabazleak, Jone Uriak, zuzenean lortu dau finalerako txartela. Ganerakoek itxaron egin beharko dabe, hurrengo finalerdietako puntuazinoen arabera erabagiko da nortzuk egongo diran Miribillan.

Saioa hartu eban pilotalekuari keinua eginaz hasi zan saioa. Amaia Ugalde gai-jartzaileak neska gazte zesta-puntalarien papelean ipini zituan Oihana Bartra eta Nerea Ibarzabal, hamarreko txikiko ariketan. 13 urte bete eta, beste neskarik ez zanez apuntau, partidurik jokatu ezinda geratu ziran eta, gai horri tiraka, ofizio polita egin eben biek.

Ondoren, beste bertsoaldi on batzuk be entzun ziran. Esate baterako, Jone Uriak eta Eneko Abasolo Abarkasek lan istripua euki barri dauen beharginaren lankideak izan ziran. Zortziko txikian, Jone Uria eta Joseba Barandiaran fin ibili ziran: Markinatik Etxebarrirako bidegorrian ibilteko Everesterako moduan jantzita agertu zan Uria eta horren kontura alkarri adarra jo eutsien. Umea eukitear diran guraso biren azalean, Uriak eta Bartrak gogoeta polita egin eben amatasunaren ganean, zortziko handian.

Bakarkakoan, Ibarzabal, Uria eta Abarkas nabarmendu ziran. Belarria ipini dozu atearen kontra, beste aldekoa entzuteko, horixe danek erantzun beharreko gaia. Amaieran, epaileek Jone Uriari emon eutsien puntu gehien, 514,5. Bigarren Nerea Ibarzabal izan zan (482). Herrian kantau eban Ibarzabalek eta, presinoari aurre eginda, saio ederra egin eban.

Hirugarren lekuan Abarakas geratu zan, 478,5 puntugaz, kartzelako lan onari esker. Laugarren, ostera, Oihana Bartra, aurreko edizinoko finalistea (476). Bosgarren Txaber Altube (450,5) izan zan eta seigarren Joseba Barandiaran (396,5).

Hurrego saioa Basaurin jokatuko da, domekan, zemendiak 27. Honeek izango dira oholtzan: Aitor Bizkarra, Beñat Ugartetxea, Imanol Uria, Joseba Artza, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu