Hilaren 25etik 28ra, Fun&Serious jaialdiak bideojokoen uriburu bihurtuko dau Bilbo

Bizkaie! 2016-11-18 13:55   Kulturea

Yuji Naka omenduko dau Fun&Serious Game Festival-en seigarren edizino honek eta Erresuma Batua izango da herrialde gonbidatua.

Jaialdiko eta erakunde publikoetako ordezkariak, Bilbon egindako aurkezpenean | Ikusi handiago | Argazki originala

Antolatzaileek azpimarratu dabenez, zemendi guztietan, Bilbo bideojokoen uriburu bihurtzen da, Fun&Serious jaialdiari esker. Aurten be ez dau hutsik egingo eta, urtero legez, bideojokoen sortzaile handien, sektoreko profesionalen eta zaleen topagune izango da. Zemendiaren 25etik 28ra izango da aurten jaialdia, barikutik astelehenera.

Protagonista berezi bat izango dau edizino honek, Yuji Naka japoniarra hain zuzen. 1991n, Sega etxearen ikur bihurtu dan Sonic pertsonaia sortu eban Nakak. Harrezkero, belaunaldi guztietako zaleentzako pertsonaia enblematikoa bihurtu da Sonic kirikiño urdina. Bera agertzen dan bideojokoen 45 miloe unidade saldu dira.

Yuji Nakari emondakoaz ganera, beste ohorezko sari bi emongo ditu aurtengo Fun&Serious jaialdiak: Warren Spector (System Shock-en sortzailea) eta Harvey Smith (Dishonored-en sortzailea) izango dira omenduak. Bideojokoen alorrean ekarpen esanguratsuak egin dituen personak saritzea da Fun&Serious-eko ohorezko sarien asmoa.

Horrezaz gan, bideojokoen munduan egon diran barrikuntzarik interesgarrienak eta barrienak be aintzat hartuko ditu jaialdiak. Guztira, 12 kategoriatan sariak banatuko ditu. Bideojoko bat sortzeko orduan parte hartzen daben disziplinetako bakotxean emongo ditue Titanium sariak, esate baterako, diseinu artistikoan, diseinu narratiboan eta idea originalenean.

Uncharted 4 izeneko jokoak dauka izendapenik gehien, sei guztira. Inside sorkuntza independenteak bost ditu. Saga luze eta emonkorra izateagaitik, Civilization be sarituko dau Fun&Seriousek, 25 urte bete dituan ezkero.

Urtero legez, jaialdiaren azken egunean egingo da sari-banaketa ekitaldia, Guggenheim Museoan. Animal Maker enpresearen sortzaile Toni Garridok aurkeztuko dau galea, zemendiaren 28an. Ekitaldi horregaz batera, Gala Golfa dalakoa egingo dabe, bideojokoen zaleentzat beren-beregi atondutako jaia. Gala alternatibo hori streaming bidez emongo dabe aurten be, igaz mundu zabaleko 60.000 ikusle izan zituala kontuan hartuta.

Bideojokoen lehiaketaz gan, jarduera gehiago be baditu Fun&Serious Game Festival-ek. Nobedadeen artean, zemendiaren 25ean GIF (Games Industry Forum) egingo dabe, sektoreko profesionalak eta enpresak batzeko gunea. Mahai-inguru, berbaldi eta aurrez aurreko topaketen bidez, bideojokoen alorreko foroa izango da GIF. Munduko enpresa garrantzitsuenetako batzuetako ordezkariak egongo dira Bilbon eta alkarren arteko mila batzar inguru egongo dirala uste dabe antolatzaileek.

Profesionalak eta enpresak albo batera itxita, zaleek be izango dabe euren gunea, Fun Zone dalakoa hain zuzen. Euskalduna jauregian ipiniko dabe, jaialdiaren lau egunetan. Aurreko edizinoetan baino espazio zabalagoa eta joko gehiago izango ditu Fun Zone-ak. Bideojokorik barrienetan olgetako modua izango dabe zaleek eta txapelketak antolatuko dira. Jokalaririk abilenentzako lekua be izango da (profesionalak tartean dirala) eta maila handiko lehiaketak jokatuko ditue euren artean. Errealidade birtualaren txokoa be izango dau Fun Zone-ak.

Fun&Serious jaialdiaren seigarren edizinoko herrialde gonbidatua Erresuma Batua izango da, bideojokoen industriako herrialderik garrantzitsuenen artean seigarrena. Hango industriako arduradunek herrialdearen erronkak aztertuko ditue, bideojokoen merkaduari jagokonez.

Bilbon eragin sakona izango dau jaialdiak, antolatzaileen arabera. Fun&Serious martxan dagoan artean, uriko hoteletan 520 logela egongo dira hartuta eta 100 hedabide inguruk izango dabe akreditazinoa. Bertoko eta kanpoko mila enpresa inguruk ordezkariak bialduko ditue Bilbora. Fun&Serious jaialdiaren helburuetako bat bideojokoak artetzat hartzeko pausuak egitea dala dinoe antolatzaileek. Era berean, bideojokoen industriak sortzen dauen jarduerea eta enplegua azpimarratu ditue.

Yuji Naka-ri ohorezko saria emongo deutso Fun&Serious-ek

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu