Janus Rasmussen, Adrian DJ eta Stanich, gaur, Art After Dark-en

Bizkaie! 2016-11-18 08:20   Musikea

Hilero legez, gaurko saioan arteak eta musika elektronikoak bat egingo dabe Bilboko Guggenheim Museoko atrioan, Art After Dark zikloari esker.

Saiora hurreratzen diran bisitariek, oraintsu zabaldutako Hermann eta Margrit Rupf bildumea erakusketako obrak ikusi ahal izango ditue, musikearen doinuez disfrutetan daben bitartean. Francis Bacon artistearen atzera-begirakoa eta Sam Taylor-Johnsonen bideo-instalazinoa be zabalik izango dira. Gaueko 22:00etatik goizaldeko 01:00ak arte egingo dabe Art After Dark zikloko saioa gaur, barikua.

Oraingo honetan, Janus Rasmussen faroearra izango da gaueko musikari izarra. Kiasmos bikotearen parte da Rasmussen, Ólafur Arnalds islandiarragaz batera, baina, Guggenheimeko saioan, bakarrik egongo da, DJ Set izeneko formatuan. Bloodgroup elektro-pop taldeari egindako ekarpen intelektualagaitik da ezaguna Rasmussen. Musikaria ez eze, soinu-injinerua da.

Gauerdiaren bueltan hasiko da Janus Rasmussen DJ Set-en emonaldia. Aurretik, 22:00etan, Stanich-en txandea izango da. Espainiako indie eszenako artista bohemio horrek jaialdi eta areto ugaritan lortu dau arrakastea. Gaueko 23:00etan, ostera, Adrian DJren musikea entzun ahal izango da. Bilboko Comic's tabernan egin zan ezagun, eta gero Bullitt Groove kluba sortu eban. Gaur egun, Fever diskotekako musikea ipinten ibilten da.

Art After Dark zikloko saio honetara sartzeko, Guggenheim Museoko txarteldegian edo webgunean erosi leitekez sarrerak. Publikoarentzat 13 euroan dagoz salgai eta Museoaren Lagun diranentzat, 9 euroan.

Adrian DJ

2016/11/18 22:00

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu