Willis Drummondek 'Tabula Rasa' diskoa plazaratu dau

Bizkaie! 2016-11-17 09:16   Musikea

Taldearen ibilbideko bosgarren diskoa da Tabula Rasa. Bersortze baten ikurra da lan barria, Willis Drummondeko kideek azaldu dabenez.

2012an argitaratu eban Willis Drummondek orain arteko azken diskoa, A ala B. Lan hori aukezteko, 200 kontzertu baino gehiago jo zituen, 2014ra bitartean. Harrezkero, baina, gogoeta sakon baten sartuta egon dira taldekideak eta aldi barri bat zabaldu dabe euren ibilbidean. Horren erakusgarri da Tabula Rasa lana. Izenburuaren oinarrian dagoan latinezko esamoldeak berak dinoan legez, hutsetik hasteko modu bat da proiektu barria.

Produkzinoan datoz aldaketa nabarmenenak. Izan be, Tabula Rasa Records izena daroan zigilua sortu dau Willis Drummondek, bere diskoak produzidu ahal izateko. Tabula Rasa da zigilu horregaz plazaratutako lehenengo diskoa. Taldeak aurretik atera zituan beste lau diskoak zigiluaren estilora moldatzea eta berrargitaratzea izango da hurrengo zeregina. Bere zigilua izanda, Willis Drummonden ezaugarri dan askatasuna hobeto bermatuko dala dinoe taldekideek.

Beste aldaketa nabarmen bat da, lehenengo aldiz, ekoizle bategaz lan egin dauela Willis Drummondek. Burke Reid kanadarra arduratu da abestien grabazinoaz eta nahasketez. Taldearen izakerea ondo ulertu dau Burkek, taldekideek azpimarratu dabenez, eta euren estiloa fintzen lagundu deutse.

Joseba B. Lenoir gitarra-jolearen lehenengo diskoa da Willis Drummonden. Aurreko diskoagaz alderatuta, bera da arpegi barri bakarra. Beste kideak Xan Bidegain, Jurgi Ekiza eta Felix Buff dira. Edozelan be, taldekide guztiek aspalditik ezagutzen dabe alkar. Bestetik, Rafa Rodrigok taldea itxi dau.

Zerotik hasteko gogoa da, beraz, Tabula Rasa-ren ezaugarri nagusia. Hamaika kanta dira eta, estiloari jagokonez, 1990ean sortutako eszena independenteko soinuen eragina nabaria da eta post-punk ikutuak be badagoz. Edozelan be, horreek kanpotik ipinten diran etiketak dirala dinoe Willis Drummondeko kideek, ez deutsiela horri garrantzirik emoten.

Urtebete inguruko birea egin nahi dabe diskoa aurkezteko. Lehenengo hamabi kontzertuen zikloa erabagita daukie. Zapatuan, zemendiak 19, Bartzelonan hasiko dira eta atzerrian emonaldi batzuk lotuta daukiez, adibidez Herbehereetan. Berton be joko dau Willis Drummondek. Abenduaren 2an Durangoko Plateruenan eta 22an Bilboko Kafe Antzokian. Donostian, Miarritzen, Espeize-Ündüreinen, Tolosan, Azpeitian eta Iruñean be ibiliko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu