Europako Ondarearen Jardunaldiek 14.000 bisitari izan ditue Bizkaian, aurreko urteetan baino gehiago

Bizkaie! 2016-11-16 08:39

Bizkaiko Foru Aldundiak emondako datuaren arabera, aurtengo egitarauko ekitaldietara igaz baino 4.000 lagun gehiago hurreratu dira. 300 ekintza inguru antolatu dira.

Urtero legez, urrian egin dira Europako Ondarearen jardunaldiak. Aurtengo goiburua Etxetik kanpo, migrazinoak eta kultura-ondarea izan da. Bizkaiko Foru Aldundiaren gidaritzapean, 65 udalek, 17 erakunde ofizialek, 17 museok eta 50 alkarte kulturalek parte hartu dabe 300 jarduera baino gehiagoko egitaraua atontzeko lanean.

Publikoaren parte-hartzeari jagokonez, balorazino positiboa egin dau Foru Aldundiak. Guztira, 14.000 lagun inguru hurreratu dira Ondarearen jardunaldien harira Bizkaian antolatutako ekintzetara. Hori aurreko urteetan baino nabarmen gehiago da. Esate baterako, igazko edizinoan, 4.000 bisitari gitxiago izan ziran.

Bizkaia puntako herrialdea da Europako Ondarearen Jardunaldietan, Foru Aldundiaren ustez. Lurraldeak atzerriko foro eta topaketa batzuetan parte hartu dau eta horrek erakusten dau hemengo egitarauak badaukala oihartzuna kanpoan be. Koordinatzaile Europarren Osoko Bilkuran egon dira ordezkari bizkaitarrak eta, ganera, Europako Kontseiluko ondarearen arduraduna bertora etorri da, Bizkaian egiten dan lana ezagutzera.

Aurten barritzailea izan da erakunde antolatzaileen ataleko partaidetzea. Era askotako alkarte eta erakundeek parte hartu dabe jarduerak antolatzen eta eurek batutako ondarea gizarteratzen. Besteak beste, EHU, Euskaltzaindia, Unesco Etxea eta agiritegi historikoak ibili dira horretan. Alkarte pribatuei jagokenez, Disabi (Sahararrak Bizkaian) aitatu dau Foru Aldundiak, aurtengo gaiaren inguruko ikuspegi berezia emoten lagundu dauelako. Auzoetako alkarteen inplikazinoa be azpimarratu dau Foru Adundiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu