I Me Mine, Insaniam eta Rrucculla izan dira Bilbo Uria Pop-rock Lehiaketako irabazleak

Bizkaie! 2016-11-15 12:52   Musikea

Asteburuan izan dira lehiaketearen 28. edizinoko finalak. I Me Mine pop-rockean, Insaniam metalean eta Rrucculla beste jokera batzuen atalean, nagusitu dira.

Bilboko Udalak emondako datuen arabera, Bilbo Uria Pop-Rock Lehiaketako 28. edizinoan 626 musika-taldek parte hartu dabe. Sailkapen kontzertuetan eta finaletan 2.600 ikusle inguru egon dira Bilborock aretoan eta beste ehundazak batzuk internet bidez konektau dira, kontzertuak streaming bidez ikusteko eta entzuteko. Lehiaketearen helburu nagusia da, musika-talde hasibarriak bultzatzea eta kontzertuak eskaintzeko lekua emotea. Atzerriko eta bertoko taldeak egoten dira oholtzan eta hori be aberasgarria da.

Talde finalisten kontzertuak entzunda, 668 entzulek botoa emon dabe, irabazleak aukeratzeko. Era berean, adituen epaimahai bat be egon da, 15 profesionalek osotua (bost modalidade bakotxeko).

Pop-rock atalean, I Me Mine talde frantziarra izan da irabazlea, epaileen eta entzuleen eretxia kontuan hartuta. Bigarren My Expensive Awareness (Zaragoza) eta hirugarren The Zephyr Bones (Bartzelona) izan dira. 5.000 euro jasoko ditu irabazleak, 2.500 bigarrenak eta, hirugarrenak, 1.200.

Metal atalean, ostera, Albacete aldera joan da txapela. Insaniam taldea Gaztela-Mantxako uri haretakoa da eta 5.000 euroko sari nagusia eskuratu dau. Atzetik, bigarren lekuan sailkatu da Fetixe talde bizkaitarra eta hirugarren lekua Zaragozako Warg-entzat izan da.

Amaitzeko, elektronikearen eta beste jokera barri batzuen atalean, sari bakarra emon da, 2.200 eurokoa. Bizkaiko talde bat, Rrucculla, izan da irabazlea. Era berean, epaimahaiaren sari berezia, 1.100 eurokoa, Orion Child taldeari emon deutsie. Banda hori be bizkaitarra da.

Dirutan emondako sariez gan, beste 15 izendapen be egon dira, babesleek eta erakundeek emondakoak. Bizkaiko talderik onenak, baxua edo gitarrea ondoen jo daben musikariak eta abar saritu ditue hor. Ikusleen artean, ostera, Bilbao BBK Live eta Ebrovisión jaialdietan sartzeko hamar bono zotz egin dira.

Irabazle guzti-guztien zerrendea, hemen.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu