ABAO-OLBEk 'Opera bihotzetik' zikloa ipiniko dau martxan

Bizkaie! 2016-11-15 09:16   Kulturea

Zemendiaren 17an hasiko dan egitarauaren barruan, berbaldiak, master-classak, profesionalen topaketak eta abar egongo dirala dino ABAO-OLBEk.

Teresa Berganza omenduko dabe 'Opera bihotzetik' zikloan (argazkia: Beatriz Gimeno) | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurreko denporaldietan Tutto Verdi zikloa euki dau martxan ABAO-OLBE erakundeak, Giuseppe Verdi 19. mendeko konpositore italiar ezagunaren nondik norakoak gizarteratzeko asmoz. Behin ziklo hori amaituta, aldi barri bati ekingo deutso Bilboko operazaleen alkarteak, Opera Bihotzetik zikloaren bidez. Denporaldi honetan eta, beharbada, hurrengo batzuetan be bai, martxan izango da. Deusto Forum da zikloaren laguntzaile nagusia.

Izenburuak dinoan legez, operatik publikoaren bihotzetara jauzi egin nahi dabe ziklo barrian. Genero lirikoa hurreratu nahi deutsagu gizarteari, ikuspegi akademikoa gainditu eta proiekzino mediatiko eta sozial zabalagoa lortuta, azaldu dau ABAO-OLBEk. Musikariak, eszena-zuzendariak, abeslariak eta operearen munduko beste profesional batzuk konbidauko ditue. Jakintza profesionalaz gan, sentimenduak, esperientziak, emozinoak... jorratuko ditue.

Opera bihotzetik zikloko lehenengo emonaldia zemendiaren 17an izango da, 19:30ean, Deustuko Unibersidadearen paraninfoan. Bertan, berbaldia eskainiko dau Teresa Berganzak, gaur egungo operearen izarretako batek. Mezzosopranoa da Berganza.

Hurrengo egunean, hilak 18, omenaldia egingo deutsie Berganzari Guggenheim Museoan. Fernando Fraga kritikaria izango da ekitaldiaren gidaria. Guggenheimen 20. urteurrena ospatzeko sortutako TopArte programearen barruko jarduerea izango da, museoaren eta ABAO-OLBEren alkarlanetik sortua.

Berbaldiez gan, Opera bihotzetik zikloan era askotako ekitaldiak antolatu nahi ditu ABAO-OLBEk. Esate baterako, profesionalek master-classak emotea edo artistakaz zuzeneko alkarrizketak antolatzea dira asmoak. Opereari beste ikuspuntu batetik begiratzea izango da helburua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu