Bernardo Atxagak idatzitako 'Lu eta Le' obrea estreinauko dau Donostia 2016k

Bizkaie! 2016-11-15 10:19   Kulturea

Xabier Leteren eta Lourdes Iriondoren ekarpenean oinarritutako antzezlana abenduaren 4an emongo dabe lehenengoz, Donostian, Ados Teatroren eskutik.

'Lu eta Le' (Donostia 2016 eta Ados Teatro) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gabon Txirrita antzezlanean dauka abiapuntua Lu eta Le izeneko obra barri honek. 1982an idatzi eta estreinau zan Xabier Leteren antzezlana, Txirrita bertsolariaren omenezkoa, eta, aurten, barriro taularatu dabe Urnietako bizilagunek, Txirritaren heriotzearen 80. urteurrena dala eta. Donostia 2016k Bernardo Atxaga idazleari eskatu deutso obra horren berrinterpretazinoa eginda antzezlan barria sortzeko.

Atxaga, baina, berrinterpretazinotik harago joan da. Gabon Txirrita-ren nondik norakoak aztertzen ebilela, interesgarriagoa begitandu jakon Xabier Leteren beraren ikuspegiaz idaztea eta, bide batez, haren emazte Lourdes Iriondorenean be bai. Lete eta Iriondo, biak izan ziran idazle eta abeslariak eta biek egin eben ekarpen handia euskal kulturea modernidadera egokitzeko.

Gabon Txirrita-ren estiloa eta forma oso urrun sumatzen ditu Atxagak. Leteren Egunsentiaren esku izoztuak poema-liburua, ostera, sakonagoa eta unibersalagoa dala uste dau. Abangoardiaren ildoa begitandu jat beti antzerkirako egokiena, azaldu dau Asteasuko idazleak.

Kontuak kontu, beraz, Lu eta Le-n, Xabier Leteren eta Lourdes Iriondoren munduaren ikuspegi personala eskaintzen dau Atxagak. Donostia 2016k azaldu dauenez, lengoaia dramatiko ez-konbentzional batez, protagonista bien figurearen inguruan osotutako eszenen kaleidoskopioa da antzezlana. Pertsonaia alegorikoen eszenaratze ez-naturalista bat proponiduten dau, erritutik hurre dagozan mobimendu koreografiatuakaz.

Juan Carlos Perezek sortu dau antzezlaneko musikea. Ados Teatro arduratuko da obrea produziduteaz, Garbi Losadaren zuzendaritzapean. Danen artean, egitura dramatiko eta musikal abstraktudun piezea sortu dabela dino Donostia 2016k. Ramon Agirre eta Joseba Apaolaza aktoreak eta Klara Mendizabal aktore-abeslaria egongo dira oholtzan, Atxagaren, Perezen eta Losadaren ideak hezur-mamitzen. Euskeraz izango dira emonaldiak.

Donostia 2016k azaldu dauenez, abenduaren 4an estreinauko dabe Lu eta Le, Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Ganera, horren aurretik, publikoari edegitako hiru saio egongo dira, entsegu orokorren tankerakoak: Zemendiaren 16an Urnietan eta zemendiaren 23an Iruñean, goizez bat eta arratsaldez bestea. Estreinaldi ofizialaren ostean, urtarrilaren 20an, Iruñean ikusi ahal izango da Lu eta Le.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu