Felipe Benitez Reyes eta Eduardo Mendicutti idazleek literaturea eta kritika soziala izango ditue berbagai

Bizkaie! 2016-11-11 13:47   Kulturea

Eztabaidak literatureagaz ekimeneko hitzordua Iñaki Esteban kazetariak aurkeztuko dau eta arratsaldeko 19:30ean hasiko da Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, sarrera libreagaz.



Eztabaidak literatureagaz
, jentaurreko barriketaldi lasaiaren bitartez literaturako zenbait protagonista eta arlotara hurreratzea proponiduten dauen Bilboko Udalaren ekimenak, Felipe Benítez Reyes eta Eduardo Mendicutti batuko ditu datorren martitzenean, zemendiaren 15ean, literatureak gizarte edo/eta politika kritika lez bete behar dauen beharrezko –edo ez hain beharrezko– eginbeharrari buruz berba egiteko.

Ohikoa danez, topaketea arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrerea librea izango da leku guztiak bete arte. Ezin izango da aretora sartu ekitaldia hasi ondoren. Oraingo honetan, moderatzailea, literaturan espezializautako Iñaki Esteban kazetaria izango da. Moderatzaileak umorean oinarrituta aztertuko ditu idazle bien lanak eta lan horreetan agertzen diran elementu kritikoak, eta baita bakotxaren konpromisoa be, egile batentzat bere lanaren bitartez jarrera kritikoa erakustea beharrezkoa dan ala ez ikusteko.

Eduardo Mendicuttik (Sanlúcar de Barrameda, 1948) lan handia egin dau literaturearen munduan eta, horregaz batera, hainbat komunikabidetan be badabil. Hamabi lan baino gehiago idatzi ditu, eta lan horreetan konpromisoz betetako literaturea landu dau –umorea ahaztu barik–. Azpimarratzekoak dira Siete contra Georgia, Una mala noche la tiene cualquiera, El palomo cojo (Jaime de Armiñánek zinemarako moldatua), Los novios búlgaros (Eloy de la Iglesiak zinemarako moldatua), Yo no tengo la culpa de haber nacido tan sexy, El beso del cosaco, El ángel descuidado, California, Ganas de hablar, Mae West y yo eta Otra vida para vivirla contigo. Bere azken eleberria Furias divinas da.

Felipe Benítez Reyesi (Rota, 1960) jagokonez, ia genero guztiak hartzen dituan literatur lana egin dau, eta aintzatespen garrantzitsuak lortu ditu, Kritikearen Saria eta Literatura Sari Nazionala, besteak beste. Idatzi dituan eleberrien artean Humo (Ateneo de Sevilla Saria 1995ean), La propiedad del paraíso, El novio del mundo eta El pensamiento de los monstruos nabarmendu daitekez. Egin dauen poesia lana Trama de niebla liburukian jasoten da. Bere liburuak itzuli eta Frantzian, Italian, Errusian, Errumanian, Portugalen eta AEBetan argitaratu dira. 2007an, Nadal Saria irabazi eban Mercado de espejismos lanagaz.

El azar y viceversa bere azken eleberria, pikareskearen mekanismoetatik era librean mobiduten dan personaia saiatu baikor eta malenkoniatsu batean oinarrituz kontzientzia eregitea bilatzen dauen istorioa da.


Hamargarren edizinoa

2007ko urtarrilean, Eztabaidak literatureagaz egitaraua martxan jarri zanetik, 270 egile inguruk hartu dabe parte ekimenean, eta 9.500 lagun baino gehiago bertaratu dira. Denpora tarte horretan, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak hainbat idazle bikoteren arteko àlkarrizketak jaso ditu, besteak beste, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte.

Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena, idazleakana hurreratzeko modu barria da, jentaurreko barriketaldi edo eztabaidearen bitartez, aurretik proponidutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua literatureagaz alkartzeko topalekua eskaintzea da, bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitekturea, musikea, bidaiak edo matematikak, besteak  beste), edo literaturaren genero bat ardatz hartuta, genero horretan sakonduz, egileen euren eskutik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu