Maider Undak erretiroa hartu dau, burrukako maila gorenean hamarkada bi emon ostean

Bizkaie! 2016-11-10 08:56   Euskaldunak munduan

Maider Unda Basque Teamegaz urte gehien daroazan kirolarietako bat da. Bere sorreratik, 2008. urtetik egon da arabarra fundazinoari lotuta.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako Sailburu Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendari Jon Redondo, Basque Teameko koordinatzaile Olatz Legarza eta bere prestatzaile Luis Crespo lagun izan dituala, Maider Undak agur esan deusku egunotan. Hausnarketa sakon baten ondoren, orain lehiaketa profesionala ez dala bere lehentasuna iragarri dau Maiderrek. Bere bizitako beste esparru batzuek indar edo pisu gehiago hartu dabela baieztatu dau Basque Teameko burrukalariak eta horregaitik hartu dau agur esateko erabagia.

Urte honeetan guztietan sekulako subertea izan dauela ziurtatu dau arabarrak. Ingurukoei eskerrak emon nahi izan deutsez, batez be Luis Crespo bere teknikariari, beragaz prestatu baititu txapelketak eta bera izan dauelako euskarri 2000. urtetik.

Maiderrek hiru hamarkada eskaini deutsoz burrukeari eta kirol honetan estadu mailan nagusi izan da 2001. urtetik. Bere ibilbidean izan dituan emoitzen artean azpimarragarriak dira batez be Beijing 2008ko bosgarren postua eta diplomea, Londres 2012ko brontzezko dominea (kirol honetan estadu mailan lortutako sailkapenik onena), Tbilisin (Georgia) jokatutako Europako Txapelketan irabazitako zilarra, eta 2009ko eta 2010eko Bakuko (Azerbaijan) eta Belgradeko (Serbia) Europako Txapelketetan eta 2009ko Herningeko (Danimarka) Munduko Txapelketan irabazitako brontzeak.

Maider Unda Basque Teamekin urte gehien daroazan kirolarietako bat da. Bere sorreratik, 2008. urtetik egon da arabarra fundazinoari lotuta.


Maider Unda

Maider Unda (Vitoria-Gasteiz, 1977ko garagarrilak 2) Otxandion hasi zan burrukan, bederatzi urte zituala. Lehenengo pausuak sambo modalidadean emon zituan, baina aukera gitxi eskaintzen zituanez, urte bi geroago burruka egiten hasi zan. Gehien bat gizonen kirola zanez, Maiderrek eurekaz neurtu behar izan zituan indarrak urte askoan eta horrek lehiatze-ahalmena eta indarra garatzeko lagundu eutson.

Maider estaduko taldean sartu zan 1998. urtean, 72 kiloko kategoarian lehiatuz. 2001. urtetik nagusi izan da estadu mailan, emakumezkoetan, pisu gehien dauen kategorian. Espainiako Txapelketan edizino guztiak irabazi ditu bi izan ezik: 2006an beste pisu kategoria baten irabazi eban (67kg) eta 2011n lesino bategaitik ez eban parte hartu. Danetara, Espainiako 14 txapelketa eroan ditu. Bera da titulu gehien dauen emakumezkoa.  

Nazinoarte mailan be hainbat eta hainbat parte-hartze pilatzen ditu eta palmares ikaragarria dauka. Bere ibilbidean nabarmenak dira 2001ean Mediterraneoko Jokoetan irabazitako brontzezko dominea eta 2008ko Beijingo Jokoetarako txartela emon eutson 2007ko Munduko Txapelketan lortutako bosgarren postua. 2004an, emakumezkoen burruka egitarau olinpikoan lehen aldiz sartu zanean, Jokoetarako sailkapena lortzen ahalegindu zan, baina ez eban txartelik lortu. Maiderrek Madrilgo errendimendu altuko zentrotik bueltetea erabagi eban orduan. Han prestaketa lanetan ibili zan baina etxean topau nahi eban bere beharrizanetara egokitzen zan lekua. Aldaketa horri esker emoitza garrantzitsuak heldu ziran, Beijing 2008koa, esaterako. Txinan hartu eban parte lehen aldiz Joko batzuetan, bosgarren lekua eta diplomea irabazita. Oso gitxi falta izan jakon dominea eskuratzeko. Orduan ez eban lortu baina bai Londresen, han brontzea irabazi ebalako. Olinpiar hitzorduetako lorpenez gan, azpimarratzekoak dira 2009ko eta 2010eko Bakuko (Azerbaijan) eta Belgradeko (Serbia) Europako Txapelketetan eta 2009ko Herningeko (Danimarka) Munduko Txapelketan irabazitako brontzeak eta 2013an Tbilisin (Georgia) jokatutako Europako Txapelketan eskuratutako zilarra.

Urte honeetan guztietan, bidean izan dituan lesinoei aurre egiten be jakin dau: 2001ean masailalbo-hazurra apurtu eban eta 2003an meniskoa eta aurreko lotailu gurutzatua, 2004an bursitisa izan eban belaunean eta 2011n triadaren hausturea... Aurten zuntz-haustura batengaitik ezin izan eban Rigan jokatutako Europako Txapelketan parte hartu, baina lesinoa atzean itxi eta aurreolinpikoetan lehiatu zan. Maider azken momentura gogor lehiatu zan Rion egon ahal izateko. Ddana dala, ames olinpikoa ezin izan eban bete oraingoan.

Sakrifizio eta lan handia eskaini deutsoz Maiderrek burrukeari. Beti bere izaera lehiakorra nabarmendu da, baita ama izan ostean be. Londreseko Jokoen ondoren bere alabea jaio eta gero, Maiderrek sasoia berreskuratu eta ganera bere kirolak izan eban arau-iraultzara moldatu behar izan eban, oso denpora tarte laburrean. Egokitzapen eta ikastaldi honetan Luis Crespo bere entrenatzailea izan dau lagun, beragaz preparau ditu txapelketak 2000. urtetik.

Nazinoarte mailan ospe itzela izan dauen burrukalaria izan arren, Maiderrek ez ditu ahaztu edo alboratu bere bizitzako beste alde batzuk; elektronikea ikasi eban eta bere gurasoek jubilazinoa hartu ondoren, bere ahizteagaz batera etxeko negozioaren agintea hartu eban. Idiazabal sor-markea daben gaztaiak egiten ditu Olaetako Atxeta baserrian.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu