'Odolaren mintzoa' liburua berrargitaratu dabe, Xalbadorren heriotzearen 40. urteurrenean

Bizkaie! 2016-11-08 08:07   Bertsolaritzea

Fernando Aire Xalbadorrek plazaratutako Odolaren mintzoa liburuaren berrargitalpenak, jatorrizko testuagaz batera, diskoa eta Amets Arzallusen hitzaurrea dakarz.

1976ko zemendiaren 7an hil zan Fernando Aire Xalbador, Nafarroa Behereko Urepel herrian, noiz eta omenaldia egin eutsien egunean. Lau hamarkada geroago, barriro omendu dau bertsozaleen munduak eta Elkar argitaletxeak Urepeleko artzain eta bertsolaria, Odolaren mintzoa liburua berrargitaratuta.

Sentimenduz betetako bertso ederrei esker, 20. mendeko bertsolari handienetako bat da Xalbador. Ipar Euskal Herriko bertsolaritzearen ikur nagusia da, eta gaur egungo bertsolarien eredu, Pirinioen alde bietan. Bat-batean zein bertso jarrietan nabarmendu zan Xalbador. Idatziz, Odolaren mintzoa da erakusgarri nagusia. Bat-batean, Mattinegaz egindako plaza piloa eta txapelketetako jarduna nabarmendu behar dira.

1967ko txapelketa nagusiko finalean, Donostian, ikusle batzuek txistu jo eutsien Xalbadorri. Bertso gogoangarri batez, txistuak txalo bihurtu zituan eta gertakari horrek be lagundu dau Xalbadorren inguruko mitoa sortzen. Final haretan bigarren izan zan Urepelekoa, Uztapideren atzetik.

Bertsolari ez eze, artzaina zan Xalbador. Hori gogoan idatzi eban Xabier Letek Urepeleko artzaina abesti famatua. Letek berak eta Erramun Martikorenak kantau izan dabe abesti hori eta Urepeleko artzaina ezizena zabaldu da horren eraginez.

Xalbadorren heriotzatik ez eze, Odolaren mintzoa liburuaren argitalpenetik 40 urte bete dira. Izan be, bertsolariaren omenaldirako prest egon zan lehenengo edizino ha. Harrezkero, hainbat berrargitalpen izan ditu dagoeneko, orain aurkeztutakoaz gan. Xalbadorrek idatzitako bertsoak dira liburuaren ardatza. Garai guztietako bertso idatzien gailurra izan leiteke liburu hau, Elkarreko arduradunek azpimarratu dabenez.

Edizino barri honi lan originalak ez dakarzan gehigarri batzuk sartu deutsiez. Batetik, CD baten, liburuan aitatzen diran doinuak entzun leitekez. Xalbadorri berari grabautako bertsoak dira CD-an batutakoak eta, beraz, balio historikoa be badaukie. Bestetik, Amets Arzallus Euskal Herriko gaur egungo txapeldunak hitzaurrea idatzi dau libururako. 40 urte pasau diran ezkero, egokitzapen eta gaurkotze batzuk be egin ditue testu originalean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu