Robert Treviño izango da Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari titular barria

Bizkaie! 2016-11-04 09:53   Musikea

2020ra arte izango da estadubatuarra Euskadiko Orkestra Sinfonikoko, EOSeko, zuzendari titularra. Jun Märkl-en lekukoa hartuko dau Treviñok.

Robert Treviño (argazkia: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eguenean, hilak 3, Donostiako Miramar jauregian egindako batzarrean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren admnistrazino kontseiluak onartu egin dau Robert Treviñoren aldeko proposamena. Cristina Uriarte, Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako jarduneko sailburua da administrazino kontseiluko burua eta berak gidatuta egin da batzarra.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari nagusi Oriol Roch-ek egin dau Treviñoren izendapenaren aldeko proposamena administrazino kontseiluaren batzarrean. Gaur egungo zuzendari titularra, Jun Märkl, 2014ko udagoienetik dago karguan eta 2017ko bagilean amaituko jako kontratua. Administrazino Kontseiluaren oneretxiari esker, Robert Treviñok hartuko dau haren lekukoa eta, 2020ra arte, hiru denporaldiz izango da zuzendari titular.

Amerikako Estadu Batuetako Texas estaduan jaio zan Robert Treviño eta azken urteotan zuzendari gonbidatua izan da izen handiko orkestretan. 2013an Moskuko Bolxoi antzokian ikaragarrizko arrakastea lortu ebanetik, Europako orkestra entzutetsuenetako batzukaz jarduteko aukerea izan dau, adibidez, Londresko Filarmonikeagaz, Berlingo Irrati Orkestreagaz eta Frantziako Orkestra Nazionalagaz. Estadu Batuetako hainbat orkestra be zuzentzen ditu.

Opera klasiko handiak zuzendu dituan arren, musika garaikidearen jarraitzaile eta defendatzaile sutsua da Treviño. Horregaitik, alkarlan estuan ibili da gaur egungo konpositore ezagun askogaz: Augusta Read Thomas, Jennifer Higdon, Charles Wourinen, John Zorn...

Robert Treviñok birritan zuzendu dau Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Lehenengo aldiz, aurtengo martian, abonu-denporaldiaren barruan. Bruckner-en 7. sinfonia zuzendu eban. Bigarren aldia irailean izan zan, BBK Museo Uria proiektuaren barruan, Bilboko Azkuna Zentroan.

EOSeko arduradunek azpimarratu dabenez, bere ibilbidean Treviñok soinu eta oreka aitagarriak lortu ditu. Zuzendari profil barri bati erantzuten deutso, dinoe orkestrako arduradunek. Ganeratu dabenez, EOS funtsezko proiektu legez hedatu eta sendotzeko bidean aurrerapausua da maisu estadubatuarra ekarri izana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu