'Udagoiena jantzan' Bizkaie! - Azkue Fundazioa Argazki Lehiaketea martxan

Bizkaie! 2016-11-03 08:05

Gure irakurleen argazkiak behar doguz. Irakurri hemen oinarriak eta hasi argazkiak aukeratu eta bialtzen.

1.- Helburua

Udagoienean bete-betean, Bizkaie! agerkariak Azkue Fundazinoagaz darabilen alkarlanaren erakusgarri, Argazki Lehiaketea dakar argazkilari amateurrak deskubridu eta euren lana autortu eta zabaltzeko.


2.- Gaia

Udagoiena, udagoieneko koloreak, beroa eta hotza, hondartzea eta mendia, eguzkia eta edurra...


3.- Parte-hartzaileak

Afizionatu edo amateurren lanak baino ez doguz onartuko. Parte-hartzaile bakotxak 3 argazki aurkeztu ahal izango ditu lehiaketara, bai zuribaltzean, bai koloretan. Muntaiak, artistikoak eta argazkiak moldatzeko programarik ez dira onartuko. Parte-hartzaileek izen-abizenak, hartu-emonetarako telefono zenbakia eta argazkiaren izenburua adierazo beharko ditue. Argazkiak 1'5 eta 2 mega bitartekoak izan behar dira nahitaez.


4.- Epaimahaia

Epaimahaian argazkigintzan adituak diran lagunak izango dira (Santi Yaniz Aramendia, freelance argazkilari bilbotarra, hemen zein nazinoartean saritua, 20 bat liburu argitaratu dituana eta Iñaki Mendizabal Elordi berrituarra, kazetaria, argazkilari amateurra).


5.- Sariak

Azkue Fundazinoaren babesari esker, lehiaketan hiru sari izango dira; irabazleak 500 euro jasoko ditu; bigarrenak 300; eta hirugarren argazki onenak, barriz, 200 euro.


6.- Lanak aurkezteko epea

Argazkiak zemendiaren 4tik 30era bitartean jasoko doguz bizkaie@bizkaie.biz helbidean zein Bizkaie! webgunearen Argazki Lehiaketea atal berezian (Kasu honetan, erabiltzaileak berak kargau ahal izango ditu argazkiak).


7.- Argazkiak

Lehiaketara aurkeztutako argazki guztiak Bizkaie!-ren esku geratuko dira eta aurrerantzean agerkariko artikulu zein galerietan erabili ahal izango doguz, beti be egilearen izen-abizenak jarrita.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu