Ibon Ajuriagojeaskoa nagusi Leioako kanporaketan

Bizkaie! 2016-11-02 08:36   Bertsolaritzea

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetan egoteko txartela lortu eban Ajuriagojeaskoak, Leioan jokatutako saioko lan onari esker.

Ibon Ajuriagojeaskoa, Leioan (argazkia: Bizkaiko Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gernikarrak 483 puntu eskuratu zituan eta nagusitasun handiz eskuratu eban hurrengo faserako txartela. Beste bertsolari batzuek be lan ona egin eben Leioako Kultur Auditorioko oholtzan. Esate baterako, bigarren sailkatuari, Ander Elortegiri, 467 puntu emon eutsiezen epaileek. Mungian jokatutako lehenengo kanporaketeagaz batera, Leioako hau izan zan puntuazinorik handienak banatu ziran saioa, orain arte jokatutako lauren artean.

Ajuriagojeaskoaren eta Elortegiren atzetik, Txaber Altube izan zan hirugarren (461 puntu) eta Joseba Artza laugarren (460). Atzerago geratu ziran Mikel Goiriena (454) eta Joseba Barandiaran (447). Saioko puntuazino altuen erakusgarri, Leioako azken sailkatuak, Barandiaranek, Sestaoko kanporaketearen irabazlearen puntu kopuru bardina lortu eban. Beraz, Leioan kantau eben seirek hurrengo fasean egoteko aukerea daukie.

Fase honetako azken kanporaketea baino ez da faltau, finalaurrekoetan kantauko daben bertsolari guztien izenak ezagutzeko. Bosgarren kanporaketea Zaldibarren jokatuko da, zapatuan, zemendiak 5. Honeek izango dira oholtzan: Beñat Romero, Beñat Vidal, Eneko Arrate, Igor Menika, Nerea Ibarzabal eta Peio Ormazabal. Gai-jartzailea Maite Berriozabal izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu