'Zerbait ari da gertatzen, hor' Txuma Murugarrenen disko barria plazan

Bizkaie! 2016-10-27 09:17   Musikea

Txumaren ezaugarri izan dan melodia bazterrean itxi eta disko lakatza, heldua, entzunaldi bat baino gehiago behar dituana sortu dau.

Argazkiak: Josetxo Ibazeta | Ikusi handiago | Argazki originala

Zerbait ari da gertatzen, hor (Gaztelupeko Hotsak) Txumaren bakarkako zazpigarren diskoa da bart Donostian aurkeztutakoa. Txumaren ezaugarri izan dan melodia bazterrean itxi eta disko lakatza, heldua, entzunaldi bat baino gehiago behar dituana sortu dau. Disko heldua baina ez heldutasuna helmuga lez ulertua, geltoki moduan baino.

Ohikoa dan lez, Txumak berak sortu ditu disko barriko musika eta berba guztiak.

Danetarik dago disko barian; erdi tempoko poparen, rockaren eremua bere egin dau Txumak; baina badira ñabardura gehiago. Country-folk anglosaxoiaren lurraldera arrimetan da zenbaitetan; zein ederrak Gaizka Isunzagaz (Audience) egindako duoak Dirua falta zaigu-n; Power poparen eta post-rockaren oihartzunak (Apurrak galtzetan), blues gaurkotua (Bagoaz hemendik), uriko klub batetik ateratakoa emoten dauen pop-rocka (Egun handia eta Uda usaina)... eta diskoari amaierea emoten deutson Poz biribila poperoa.



Txuma ez dago bakarrik disko honetan, azken urteotan bere taldekide diran Natxo Beltran (Bateria), Rafa Aceves (Pianoa eta tekladuak), Miguel Ramirez (Gitarristea) eta Ekaitz Hernandez (Baxua) izan ditu alboan eta sekulako babesa eta indarra emon deutsie.

Azkeneko bi urteotan Mutrikun bizi da Murugarren, eta hango AME estudioan grabau dau diskoa Axular Arizmendigaz. Arizmendik diskoaren kontzeptua oso ondo ulertu dauela uste dau kantariak, kontzeptua narrazinoan eta taldearen kohesinoan baitago.

Kolaboratzaileak be izan ditu Txuma Murugarrenek disko barri honetan: Gaizka Insunza (Audience), Asier Ituarte (tronboia) eta Angel Unzu (gitarra akustikoa).



Txuma Murugarren

Sasoi Ilunak taldeko abeslari, gitarrista eta berben egilea izan zan 90eko hamarkadan. Hiru disko grabau zituan taldeak eta 2000. urtean bere bakarkako ibilbideari ekin eutson. Ordutik bakarkako zazpi disko plazaratu ditu; B aldeko kantuak, bere bakarkako seigarren lana 2010. urtean kaleratu ostean, Angel Unzu musikariagaz batera 14 abesti eta hamahiru istorio txiki diskoa argitaratu eban.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu