Sutan, Zazkel, Hi Exekutibo eta Izeberg dira VIII. Banden Lehiako lau talde finalistak

Bizkaie! 2016-10-25 13:30   Musikea

Publikoaren botoei esker, 18.559 botogaz, Bilboko Sutan taldea izan da aukeratua eta epaimahaikideek beste hiru talde aukeratu ditue: Bilboko Zazkel, Zumarraga-Urretxuko Hi Exekutibo eta Usurbileko Izeberg.

Azkue Fundazinoak antolatzen dauen Banden Lehiako zortzigarren edizinoan, 22 taldek emon dabe izena. Banden Lehia euskal musikea sustatzen dauen lehiaketea da. Banda amateurrik onena saritzen dau, tokiko taldeak ezagutzera emonez eta, bide batez, euskal musikea sarean be zabalduz.

Irailaren 26tik urriaren 21era bitartean euskeraz musikea sortzen daben taldeek Banden Lehian izena emon, euren datuak eta musikea igon www.bandenlehia.eus helbidera eta internet bidez botoak jasoteko aukerea izan dabe.

Zortzigarren edizino honetan, aniztasuna izan da nagusi, bai jatorriaren aldetik eta bai musika estiloaren aldetik bere. Lehenengoari erreparauta, Hego Euskal Herritik eta Nafarroatik heldutako taldeez gan, aurten be, iparraldeko talde batek emon dau izena. Eta estiloari jagokonez, anitza izan da aurkeztutako taldeek joten daben musikea: ska, metal, reggae, pop, rock...

Bestalde, aurtengo epaimahaia Ritxi Aizpuruk [musika editorea; Baga Biga diskoetxeko arduraduna], Ines Osinagak [Gose taldeko kidea], Zuriñe Maguregik [Gaztezulo aldizkaria] eta Aritz Gonzalezek [Last Tour International] osotu dabe.

Publikoaren botoei esker, 18.559 botoekin, Bilboko Sutan taldea izan da aukeratua eta epaimahaikideek beste hiru talde honeek aukeratu ditue: Bilboko Zazkel, Zumarraga-Urretxuko Hi Exekutibo eta Usurbileko Izeberg.

VIII. Banden Lehiako finala zemendiaren 25ean izango da Bilboko Bilborock aretoan. Lau talde horreek zuzeneko kontzertuak eskainiko ditue eta jaialdiaren amaieran, aurtengo edizinoko irabazlea zein dan jakingo dogu.

Taldeek publikoaren laguntzinoa behar izango dabe barriro be euren aldeko botoak eskuratzeko eta epaimahaikideak bertan izango dira kontzertuak ikusten.

Talde irabazleak Bilbao BBK Live eta Bartzelonako Euskal Herria Sona jaialdietan kontzertu bana emongo dau eta, horrezaz gan, Baga Biga diskoetxeak diskoa produziduko deutsie.
 
Finala publiko guztiarentzat zabalik izango da eta Enkore taldeak kontzertua eskainiko dau doban.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu