Asteon hasiko dira 2017ko Arabako Bertsolari Txapelketarako kanporaketak

Bizkaie! 2016-10-25 08:35   Bertsolaritzea

Lau saiotan 24 bertsolarik parte hartuko dabe, urtarrilean hasiko dan azken faserako txartela eskuratzeko asmoz. Lehenengo hitzordua, barikuan, Maeztun.

Manex Agirrek irabazi eban 2015eko txapelketea | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko eta Iparraldeko bertsolari txapelketak azken txanpan sartu diran bitartean, Araban orain ekingo deutsie lanari. 2017an izango dira azken kanporaketak eta finala baina, horren aurretik, lau kanporaketa jokatuko dira urriaren 28tik zemendiaren 5era bitartean. 24 bertsolarik parte hartuko dabe fase honetan eta 13 sailkatuko dira urtarrilekora. 2015eko finalistak zuzenean sailkatuta dagoz, udagoieneko fase honetatik pasau barik, Arabako Bertsozale Alkarteak jakitera emon dauenez.

Lau saio izango dira eta bakotxeko irabazleak zuzenean sailkatuko dira 2017ko Arabako Bertsolari Txapelketara. Ganerako sailkatuak, 13 plazak bete arte, puntuazinoaren arabera aukeratuko ditue. 2015eko txapelketako finalean kantau eben bost bertsolarik izena emon dabe aurtengoan be. Horrenbestez, guztira, 18 bertsolari egongo dira 2017ko Arabako Bertsolari Txapelketan.

Maeztun jokatuko da lehenengo kanporaketea, urriaren 28an, barikuan. Iluntzeko 20:00etan hasiko da saioa, udaletxeko batzar aretoan eta honeek izango dira parte-hartzaileak: Felipe Zelaieta, Irati Anda, Unai Bengoetxea, Maddalen Arrausi, Juan Mari Juaristi eta Asier Otamendi.

Bigarren kanporaketea biharamunean izango da, urriaren 29an. Lantziegoko Gizarte Aretoan izango da saioa, 19:00etan. Honeek ibiliko dira kantari: Paula Amilburu, Asier Rubio, Jon Ruiz de Pinedo, Andere Arriolabengoa, Xerapio Lopez eta Xabi Rico.

Hirugarren kanporaketea Izarrako kultur etxean jokatuko da, zemendiaren 4an, zapatua, 20:00etan. Honeek izango dira protagonistak: Iker Agirre, Ander Solozabal, Xabier Antia, Unai Gomez, Alberto Martinez eta Irati Ruiz de Pinedo.

Amaitzeko, zemendiaren 5ean, zapatua, honeek bertsolariak izango dira Araiako udalbatza aretoan, 19:00etan: Peru Abarrategi, Jagoba Apaolaza, Oier Arbina, Rikardo Gonzalez de Durana, Izar Mendiguren eta Jon Sanchez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu