2016ko urriaren 26an, 150 urte beteko dira Evaristo Bustintza 'Kirikiño' Mañarian sortu zala

Bizkaie! 2016-10-21 08:59   Kulturea

I. Mundu Gerran Euskal Herriko egoera sozio-politikotik abiatuz, Kirikiñok, euskal kazetagintzan eta kazetaritzan izandako eraginaz eta bere barri-emoile izakeraz egingo dabe berba Xabier Altzibarrek eta Eneko Bidegainek urriaren 27an, 19:00etan, Mañarian.

Gerediaga Alkarteak lotura berezia izan dau betidanik Kirikiño idazleagaz; 1966. urtean egindako omenaldian parte hartu eban, eta, orain, Mañariko Udalagaz bat egin nahi dau euskal kultur eragile honen kazetari-lana balioan jarteko, hain zuzen be, bere kronikalari lana azpimarratuz.

Horretarako, I. Mundu Gerran (1914-1918) Euskal Herriko egoera sozio-politikotik abiatuz, Kirikiñok, euskal kazetagintzan eta kazetaritzan izandako eraginaz eta bere barri-emoile izakeraz egingo dabe berba Xabier Altzibarrek (EHU) eta Eneko Bidegainek (MU); hitzordua urriaren 27an, 19:00etan izango da da Mañariko Errose Bustintza Kultur Etxean.



I. Mundu Gerreak Hego Euskal Herrira ekonomi hazkundea ekarri ebanzuen, euskal finantza kapitalak estadu espainiarreko lehenen artean jarriz. Maila politikoan, frantsesen eta alemaniarren aldeko indarren lerrokatzea frantsesen aldekoa izan zan alde handiagaz, eta horrek estaduagaz alderatuta aldaketea adierazoten dau, estaduan alemaniarren aldekoak baitziran nagusi.

Gerrea hasi zanetik euskal intelektual gehienak Aliatuen aldekoak ziran, eta modu argian jakinarazo eben. Ipar Euskal Herriaren egoerea bestelakoa zan. Frantzia ez zan neutrala, aliatuen aldean agertu zan. Horrek, gerrara joateko deialdiari erantzutera behartu zituan euskaldun asko. Insumisinoa eta deserzinoa izan ziran nagusi.

Mañariko barriketaldian, era berean, Basilia Bustintzak, protagonistearen emazteak, 1967an bialdutako kartea ezagutzera emongo da (Gerediaga Alkartearen dokumentategian dagoan kartea). Bertan, modu xume eta maitekorrean, bere senarraren izakerea eta bizitzea ezagutzera emoten eutson Gerediagari.


'I. Guda Mundialeko Kronista - Evaristo Bustinza Lasuen - Kirikiño' barriketaldia

Xabier Altzibar Aretxabaleta, UPV-EHUko irakaslea eta ikertzailea. Kirikiñoren kazetari eta bultzagile lana ikertu dau. Kirikiño kazetaria, I. Mundu- Gerraren kontalari artikuluaren idazlea be bada. Xabier Perearen lan bildumatik abiatuz, Kirikiñoren kronikalari izakerea eta testuingurua aztertu ditu.

Eneko Bidegain, Mondragon Unibersidadeko irakaslea eta idazlea da. Lehen Mundu Gerra Eskualduna astekaria tesiaren ikerlaria, Euskal Herrian garaian egoan egoera sozio-politikoaren barri emongo deusku eta, honen eragina euskal kazetagintzan.


Evaristo Bustintza, Kirikiño ezizenez ezaguna, idazle oparoa, herrikoia eta ezagunenetakoa

XIX. mendearen amaieran euskal kulturan berpizkunde euskaltzalea izan zan eta honegaz batera euskera garbia-ren ardurea. Holan, kanpotar jatorrizko berbak baztertu eta horreen ordez berba asmau-barriak erabilten ziran. Garaiko idazle gehienek euskera mueta hau erabilten eben, literaturea gitxi batzuentzat bihurtuz. Salbuespen ia bakarra Kirikiño izan zan. Herriko jenteak erabilten zituan berba eta esakerak ziran bere idazlanen ardatza.

Kazetari-lana izan zen berea, idazlan laburrak egiten zituan, eta gehienetan, gai arinak eta erraz ulertzekoak landu zituan. Halan da be, Guda Nagusiko kronista be izan zan, bere helburu nagusia irakurleak informetea izanik. Kirikiñok Europa eta munduko gerrearen giro eta abarren barri eta gogoeta asko egin zituan, baina kanpoan ez eze, hemen sortarazotako egoerea kontetan eban, ikuspegi abertzale eta ekonomikotik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu